Albistea
Besaldek, Bermeo Sahararen Aldeko elkarteak, ‘Sahararen aldeko XIII. Euskal Karabana: Piztu Itxaropena’ kanpainarekin bat egin du, eta aurten 7.247 kg. elikagai batu ditu eskualdean, hain zuzen ere, Bermeo, Busturia, Mundaka eta Gernikako denda eta hezkuntza zentroetan, Muxikako eskolan, eta Arteagako eskolan.
Besalde “oso pozik” agertu da eskualdeko herriek “emandako erantzunagatik”, eta, horregatik “bere eskerrik beroena eman nahi izan dizkie erakutsitako eskuzabaltasunagatik”.
Ildo honetan, Besaldek eskerrak eman dizkie eskualdeko herri guztietan kanpainan parte hartu duten partikular, denda eta hezkuntza zentro guztiei, eta kanpaina zabaltzen lagundu duten pertsona guztiei eta Udalei ere bai.
Horrez gain, Besaldek eskerrak eman dizkie euren laguntzagatik ‘Bat ez da gutxi’, ‘Kate Sarea’ eta ‘Caritas’ elkarteei, Salica arrain enpresari, Bermeoko Ospitale Psikiatrikoari, komunikabideei, kaxak eta kamioia kargatzen lagundu duten guztiei eta parrokiei, bereziki Bermeoko San Frantzisko komunitateari, lokala uzteagatik. Era berean, Besaldek Bermeoko Udalari eskertu dio karabanara bideratuko duen diru-laguntza.
Elikagaiez gain, partikularren diru-laguntza ere jaso dutela adierazi du Besaldek, 860 euro, hain zuzen ere. Diru horrekin janaria eta konpresak erosi direla gaineratu du.
Besaldek gogoratu duenez, otsailaren 25ean Donostiatik aterako den Sahararen aldeko XIII. Euskal Karabana: Piztu Itxaropena’ karabanaren helburu nagusia da «saharar herriari ahalik eta elikagai kopuru gehien eroatea, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduetan duten elikagai falta asetzeko».
010 (94 617 91 00)