Albisteak

Albistea

Beste urte batez, Bermeok bere mozorro dotoreenak jantziko ditu aratusteak ospatzeko

-Jada ohikoa den moduan, Bermeoko Udalak, herriko hainbat kultur talde eta eragileekin elkarlanean, adin guztiei zuzendutako ekintza ugari antolatu ditu. Programa ostiral honetan hasiko da, hilak 17 eta 25era arte, larunbata, luzatuko da

-Ohikoa den moduan, aurten ere, aratusteen programaren baitan Bermeoko Tabernen XX. Mozorro txapelketa antolatu da otsailaren 21erako

Bermeon, 2023ko otsailaren 13an.- Ohiturari jarraituz, Bermeok urteko jai dibertigarrienetako bat ospatuko du aurten ere: aratusteak. Horretarako, eta ohikoa denez, Bermeoko Udalak eta herriko hainbat kultur taldek eta eragilek ostiral honetan, otsailaren 17an, hasi eta hilaren 25era arte, larunbata, iraungo duten ekimen ugari antolatu dituzte. Adin guztietako bermeotarrek, beraz, egitarau zabala izango dute eskura egun horiek jai giroan igarotzeko.

Gaur goizean bertan, programazioaren xehetasun guztiak aurkeztu dira Kultur Etxean. “Adin guztiei zuzendutako jarduera ugariz osatutako programazioa izango da. Beti bezala, Bermeoko Udaletik herriko hainbat kultur talde eta eragilerekin lan egin dugu denon gustuaren araberako programa bat diseinatzeko. Musika, dantzak, lehiaketak, kalejirak, tailerrak… izango ditugu. Hori dela eta, ekimen hauetan parte hartzera eta primeran pasatzera animatzen ditugu bermeotarrak”, adierazi du Alazne Zumeta Bermeoko Kultura zinegotziak.

Egitaraua

Programazioari hasiera emateko, ostiralean, hilak 17, txikienentzako dantza jaialdia antolatu da DJ Porruren eskutik. Jaia 18:00etan hasiko da eta Kafe Antzokian izango da. Sarrerei dagokienez (4 euro), Kultur Etxean eta https://www.giglon.com webgunean erosi ahal izango dira. Ekitaldi dibertigarri honen ondoren, Kanta Kanta Loruek 20:00etan Goiko Plazatik irtengo den ongietorri kalejira bat eskainiko du.

Hurrengo egunean, hilak 18, larunbata, 12:30etatik aurrera, Alkartasuna dantza taldeak, KIETB erraldoi txiki konpartsak eta fanfarrea dibertigarri batek Bermeoko kaleak zeharkatuko dituzte Lantzeko inauteriak dantzatuz. Kultur Etxean hasi eta Lameran amaituko dute Miel Otxin erretzeko. Horrez gain, Rociero Maika abesbatzako kideek ere herriko kaleak zeharkatuko dituzte kalejiran.

Igandean, hilak 19, bermeotarrek tostada lehiaketa tradizionalaz gozatzeko aukera izango dute Goiko Plazan. Tostadak 12:00etatik 12:30era aurkeztuko dira, eta sariak 13:30ean banatuko dira. Bestalde, 5 urtetik gorako umeek itsasoarekin erlazionatutako mozorroak egiteko aukera izango dute Arrantzaleen Museoan. Kasu horretan, ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea.

Astelehenean, hilak 20, Demiku Jubilatuen Elkarteak bere tostada lehiaketa, dantzaldia eta mozorro txapelketa egingo ditu 18:00etatik 20:00etara Kultur Etxean.

Eta hilaren 21a, asteartea, jardueraz beteta iritsiko da. Ekintzak 11:00etan hasiko dira, ikastetxeetako ikasleen kalejira batekin. 12:00ak aldera, aurten XX. edizioa betetzen duen tabernetako ohiko mozorro-lehiaketa egingo da. Ordu horretan bertan, 12:00ak aldera, Erroxapeko martxaren kalejira izango da, 16:00etan umeentzako Tiktok erakustaldia eta amaitzeko, FM Dantzaldia Lamerako kioskoan. Bi saio izango dira: 16:00etatik 18:00etara txikienentzat eta 18:30etik 20:30era denontzako saioa.

Eta jaiegun hauei amaiera emateko, otsailaren 25ean, larunbata, Spookypheria Productions-en eskutik Vade Retro Party jaia egingo da Bermeoko Kafe Antzokian. Ateen irekiera 21:30ean egingo da eta ekitaldiari 22:00etan emango zaio hasiera. Sarrerek 10 euroko (gehi gastuak) prezioa izango dute eta www.bermeokokafeantzokia.com webgunean eskuratu ahal izango dira. Gainera, egunean bertan, 12 euroren trukean erosi ahal izango dira. Ekintza honen laguntzaileak Unholy Covers eta Bermeoko Kafe Antzokia dira.

Bermeoko Tabernen XX. Mozorro txapelketa

Ohikoa den moduan, aurten ere, aratusteen programaren baitan Bermeoko Tabernen XX. Mozorro txapelketa antolatu da. Txapelketa honetarako, otsailaren 21ean, asteartea, Bermeoko tabernak apainduta eta tabernariak mozorrotuta egon beharko dira, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Epaimahaia Jai Batzordeko ordezkariek osatuko dute eta egun horretan bertan taberna guztiak bisitatuko dituzte euren erabakia hartu ahal izateko. Erabakia udalaren web orrialdean eta sare sozialetan publikatuko da eta irabazleak aukeratzeko orduan honakoak izango dira kontuan: apainketaren orijinaltasuna, erabiliko diren materialek ingurumena errespetatzea, tabernarien mozorroa eta tabernaren apainketa bat etortzea eta euskararen erabilera sustatzea. Sariei dagokionez, 3 sari banatuko dira, besteak beste, 200 euro, 150 euro eta 100 euroko balioa izango dituzten delikatessen produktuz beteriko otzarak.

Lehiaketan parte hartu nahi duten tabernariek otsailaren 20ra arte izango dute (12:00) izena emateko aukera eta horretarako Kultura eta Hezkuntza Sailaren bulegora hurbildu, 94 617 91 57 telefonora deitu edota kultura@bermeo.eus helbidera mezu bat idatzi beharko dute.

13 / 02 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0