Albisteak

Albistea

Bermeoko Araneko kiroldegiko kirol ekintzetako gogobetetze maila 8,51 puntutakoa da

Bermeoko Araneko kiroldegiko ekintzetan parte hartzen dutenen batez besteko gogobetetze maila 8,51koa da. Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak kirol ekintzetako erabiltzaileen artean egindako bi inkesten arabera, lurreko ekintzen parte-hartzaileen batez besteko gogobetetze maila 8,51 puntutakoa da, eta uretako ekintzen parte hartzen dutenena, berdina, 8,51koa, hain zuzen ere.

Irune Ormaetxeak, Bermeoko jarduneko Kirol Saileko zinegotziak, azaldu duenez, bi inkesta egin dira; alde batetik, lurreko kirol ekintzen asetasun maila ezagutzeko, eta, bestetik, uretako kirol ekintzena.

Azpimarratu duenez, inkesta horiekin kirol ekintzetako erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutu nahi da, kudeaketa hobetzeko helburuarekin. Horretarako, hainbat alorrei buruz galdetu zaie jardueretako parte-hartzaileei; besteak beste, ekintzei buruzko informazioa, izena emateko prozedura, antolaketa, kopurua, ordutegia eta prezioari buruz. Horrez gain, kirol zerbitzuak gomendagarriak diren galdetu zaie, besteak beste.

Lurreko kirol ekintzen asetasun maila

Lurreko kirol ekintzen kasuan, galdera guztietan lortutako puntuazioa 5,99tik gorakoa izan da; eta 9,16 izan da puntuaziorik altuena. Monitoreen gaitasun profesionalak jaso ditu 9,16 puntu eta 5,99 puntu prezioari buruz egindako galderak.

Erabiltzaileak 7,75 puntu eman ditu izena emateari buruz egindako galderari eta kanpainari buruzko informazioari buruzko galderak 7,34 puntu izan ditu. Ikastaroak antolatzeko moduari, ordutegiari eta kirol guneei (tenperatura, antolamendua, akustika) buruzko galderek, 7,03; 6,75; eta 6,26 puntu jaso dituzte, hurrenez hurren.

Kirol zerbitzuak gomendagarriak diren galdetzerakoan 8,15 puntu eman dituzte erabiltzaileek, eta kirol gunearen garbitasunak 6,19 puntu izan ditu. Bermeoko Kirolaren Udal Patronatuko langileek eskaintzen duten arretari buruz galdetzerakoan 8 puntu eman dituzte.

Aurten bi galdera berri gehitu dituzte. Batetik, Udal kirol patronatuak egiten dituen gizarte jarduerek (pila bilketa, herri lasterketaren jasotako dirua dohaintzan eman…) eraginik duten galdetu dute eta galdera horrek 6,83 puntu izan ditu; eta, bestetik, eskainitako zerbitzuek irudi berritzailea duten galdetu dute, eta kasu horretan, 6,76 puntu eman dituzte erabiltzaileek. Orokorrean, gogobetetze mailaren batez bestekoa 8,51 puntu izan da.

Uretako kirol ekintzen asetasun maila

Uretako kirol ekintzen inkestan galdera guztietan lortutako puntuazioa 6,69tik gorakoa izan da. Kirol guneari buruzko galderak 6,69 puntu izan ditu eta, kasu honetan ere, monitoreen gaitasun profesionala izan da gehien baloratu dena, 8,86 punturekin, hain zuzen ere.

Kirol zerbitzuak gomendagarriak diren galdetzerakoan 8,32 puntu eman dituzte erabiltzaileek, eta kirol gunearen garbitasunak 6,73 puntu izan ditu. Izena emateko prozedurari buruzko galderak 7,35 puntu izan ditu. Ikastaroak antolatzeko moduari, ordutegiari eta prezioari buruzko galderek, 7,29; 7,33; eta 6,96 puntu jaso dituzte, hurrenez hurren.

Bermeoko Kirolaren Udal Patronatuko langileek eskaintzen duten arretari buruz galdetzerakoan 8,46 puntu eman dituzte erabiltzaileek. Uretako ekintzen kasuan ere, lehen aipatutako bi galdera berriak egin dituzte. Gizarte jardueren (pila bilketa, herri lasterketaren jasotako dirua dohaintzan eman…) eraginari buruzko galderak 7,48 puntu izan ditu; eta, bestetik, eskainitako zerbitzuen irudi berritzaileari buruzkoak, 6,85 puntu. Orokorrean, kasu honetan ere, gogobetetze mailaren batez bestekoa 8,51 puntu izan da.

Ormaetxeak adierazi duenez, datu horiek “oso onak” dira, eta “erabiltzaileak eskainitako zerbitzuekin pozik daudela adierazten dute”; eta “kirolarien asebetetze maila mantentzeko eta hobetzeko lanean jarraitu behar” dela gaineratu du.

 

 

04 / 06 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0