Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketarako deialdia kaleratu du

-Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30a izango da eta irabazleak 600 euro jasoko ditu

Bermeon, 2022ko maiatzaren 23an.- Bermeoko Udala Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartelaren bila dabil. Horretarako, urtero antolatzen duen lehiaketa martxan jarri du. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30a izango da eta irabazleak 600 euro jasoko ditu. Lanak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu beharko dira. Aurkeztutako lanetatik Bermeoko jaietako kartel iragarlea eta egitarauaren azala aukeratuko dira.

Gaia urterokoa izango da: ‘Bermeoko jaiak’. Noski, kartela Bermeoko jaietako adierazle izan behar da. Horretarako honako ezaugarri hauek hartuko dira kontuan: jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak, ekologistak… Derrigorrez, 50 x 70 cm-ko neurrikoa izan behar da, nahi den beste kolore eta edozein teknika erabiliz. Lana euskarri gogor bati lotuta aurkeztu daiteke edo euskarri informatikoan (CD edo pendrive baten), hiru digitalizaziorekin: lehenengoa 200 kb-ko JPGa, bigarrena Mb1-eko JPGa eta PDF bat, bereizmen handikoa, inprimatzeko azken tamainan.

Lanak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu beharko dira, izenburuarekin eta egilearen sinadurarik gabe. Izenburu bera daraman gutun-azal itxi baten, egilearen datuak adieraziko dira eta egileak agiri bat beteko du lana aurkeztu duela egiaztatzeko. Era berean, idazki bat entregatu ahal izango da aurkeztutako lanaren azalpenarekin eta aukeratutako titulua erabilita. Idatzi hori anonimoa eta guztiz borondatezkoa izango da.

Kartel irabazlearen aukeraketa:

Bermeoko jai batzordeko kideek eta Barrueta arte elkarteko kideek osaturiko epaimahaiak aurkeztutako kartel guztiak ikusiko ditu eta lan onenen artean finalistak aukeratuko ditu. Epaimahaiak, besteak beste, honakoak baloratuko ditu: proposamenen originaltasuna, diseinua, kalitatea eta estetika, eta, oro har, herriko jaietan parte-hartzea sustatzeko erakargarrienak eta egokienak diren alderdiak. Azkenik, herritarrek, finalisten artean kartel irabazlea bozkatu ahal izango dute uztailaren 6tik 11ra arte. Pertsona bakoitzak aurrez aurreko boto bakarra eman ahal izango du Kultur Etxean jarriko den ontzian, edo internet bidez. Aurrez aurreko botoek %70eko balio izango dute eta internet bidezkoek %30ekoa. Lan irabazlea uztailaren 12an jakinaraziko da.

Argibide gehiago Bermeoko Udaleko Kultura Sailean (Irakaskintza kalea, 14 -16. tel.: 946179157; jaibatzordea@bermeo.eus / www.bermeo.eus).

23 / 05 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0