Albistea
Kontakizunen bidez balioak lantzeko eta eskola jazarpena prebenitzeko tailerra martxan jarriko da Bermeoko Udal Liburutegian. 6-8 urte arteko umeei zuzenduta dago tailer hau eta abenduaren 12an, 14an eta 19an izango da, 17:30etik 19:30era. Hortaz, guztira bi orduko hiru saio izango dira eta dinamizatzailea Nuria Dehesa izango da. Parte-hartzea dohainik da eta, gehienez, taldean 10 ume egongo dira. Interesa duten pertsonek Bermeoko udal liburutegian eman behar dute izena.
Nuria Dehesak azaldu duenez, eskola jazarpena edo bullyinga arazo bat da eskoletan. “Eskola jazarpenarekin bukatzeko heziketa ezinbestekoa da, balio-heziketa on batek arazo horri aurre egiten lagunduko baitigu, eta baita gaur egungo umeak biharko heldu osasuntsu eta zoriontsu izaten ere”, adierazi du. Horregatik, esan duenez, udal liburutegian eskainiko den tailer honetan “ipuinen bidez errespetua, elkartasuna, ausardia, autoestimua eta enpatia balioak sustatzen saiatuko gara, eskola jazarpena prebenitzen laguntzeko”.
Saio bakoitzean balio bat edo bi landuko dira, eta, horretarako, testu batzuk irakurriko dituzte: nobelak, ipuinak, olerkiak, igarkizunak... Irakurmen bakoitzaren ostean irakurritakoa aztertuko dute: gustatu zaien edo ez eta zergatik, zein izan den pertsonaia nagusiaren jokaera, zelan konpontzen dira gatazkak ipuinean, agertzen diren baloreak, zer transmititu dien istorioek, zelan sentitzen diren pertsonaiak, zelan sentitu diren eurek entzuten zuten bitartean.
Horrez gain, saio bakoitzean ekintza bat prestatuko dute saio horretan landu nahi diren baloreekin lotuta. Klasearen amaieran komentatuko dute zein izan den gehien gustatu zaien testua eta zergatik.
Tailer hau Lehen Hezkuntzako Lehenengo eta Bigarren mailako umeei zuzenduta dago (6-8 urte). Interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Bermeoko Udal Liburutegian.
010 (94 617 91 00)