Albisteak

Albistea

Bermeoko Andra Mari jaiak bete-betean gozatzeko garbitasun zerbitzua indartuko da eta aldaketak egongo dira hainbat zerbitzuetan

Eraso sexisten kontra gogor agertu da Bermeoko alkatea eta Bermeoko jaietan elkarrenganako errespetua ezinbestekoa dela adierazi du

 

Irailaren 7tik 16ra ospatuko diren Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan herritarrek bete-betean gozatzeko, hainbat aldaketa izango dira herriko trafikoan eta sastar batze zerbitzuan. Horrez gain, garbiketa zerbitzuak indartuko dira herria ahalik eta garbien izateko jaietan.  

Guzti horren berri eman du gaurko prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Benito Ibarrozalak, alkateordeak eta Zerbitzu zinegotziak. Ibarrolazak adierazi duenez, hartutako neurriak egun berezi hauetan “trafikoa bideratzea eta herria ahalik eta garbien izatea ahalbideratuko dute, eta, horrela, jaietako ekimenak ospatu ahal izango dira eta guztiok, bermeotarrak eta kanpotik datozenak, jaiekin disfrutatu ahal izango dugu”. Eraso sexisten kontrako mezu garbia ere eman dute Bermeoko alkateak eta alkateordeak. 

“Jaietan denok disfrutatzeko elkarrenganako errespetua ezinbestekoa” dela  azpimarratu du alkateak eta, ildo honetan, adierazi duenez, “eraso sexistek ez dute lekurik izango ez inon ez inoiz”. “Emakumeen kontrako indarkeria genero arrazoiengatik gertatzen den diskriminazioaren isla da. Emakumearen duintasuna, osotasun fisiko eta morala eta askatasun sexualaren kontrako bortxaketa onartezina da”, esan du.  

Era berean, azpimarratu duenez, “norbere buruaren eta gorputzaren jabea norbera eta norberak erabakiko du noiz eta zelan eta, ezetz bada ezetz da, ez beti da ez”, adierazi du. Norbait erasotua sentitzen bada laguntza eskatzeko eta  092 edo 112 telefonora deitzeko eskatu du Bidegurenek.  

Zerbitzuak 

Bestalde, zerbitzuei dagokienez, Ibarrolazak azaldu duenez, aurten ere barrakak Olatua eskulturaren inguruan egongo dira eta euren prezioak honakoak izango dira: umeen atrakzioak 2,10  euro eta  nagusienak 2,5 euro. Atrakzio berezirik egotekotan 3 euro izango litzateke. Egun herrikoietan, irailaren 4an, barikuan, eta irailaren 10ean, eguenean, barrakek prezio merkeagoa izango dute, 1,30 euro izango dira eta. Barrakak irailaren 4ko arratsaldetik aurrera eta irailaren 16ra arte egongo dira Bermeon.  

Saltzaile ibiltarien kasuan, joan den urtean bezala Kofradi Zaharraren aurrean kokatuko dira. Txosnak aurten hiru izango dira eta Artzako kaiaren parean kokatuko dira, Lamerako eszenatokitik hurbil. Txosnak irailaren 4tik eta 13ra arte egongo dira.  

Horrela, jai eremua Lamera, Artzako kaia, Erribera, Erreten, Alde Zaharra eta Olatua izango dira eta, Zerbitzu Saileko zinegotziak adierazi duenez, “asmoa da jai egunetan toki hauetan oinezkoei lehentasuna ematea”.

Horrela, Artzako kaia jai-gune nagusienetarikoa izango denez, Artzako biribilgunetik (kasinoaren ondoan) portura joateko sarrera itxita dago irailaren 20ra arte. Zama lanak egiteko ordutegia 8:00etatik 12:00etara izango da. Lamera- Portuzarra gune guztia hutsik egon beharko da, eta ezin izango da kotxerik atera handik, ezta gune horietan aparkatuta izan. Alde Zaharraren kasuan, Arostegitik liburutegira doan kalea itxita geldituko da jai egunetan eta Alde Zaharrerako sarrera Intxausti kaletik izango da eta irteera Nardiz tar Jon kaletik.  

Zerbitzuetako zinegotziak jaietan kotxea ahalik eta gutxien erabiltzea eskatu du. Bermibusek Lamerako geltokia mantenduko du jai egunetan. Bizkaibus zerbitzuko geralekua, aldiz, irailaren 1etik 20ra, Santamañe kalera aldatuko da Gernikatik doan autobusentzako eta Zubiaur tar Kepa, azokaren parean, Mungiatik Bilbora eta Bakiora doazen autobusentzat. Taxi zerbitzuaren geralekua Kasinoaren ondoan egongo da. Euskotrenek gaueko tren zerbitzua eskainiko du irailaren 11n, 12an eta 19an. 

Ildo berean, kanpotik datozenak hainbat aparkaleku izango dituzte, hain zuzen ere,  Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko gune industrialean eta Matxikorta kaian. Horrez gain, Bermeoko azokako parkingaren ordutegia zabaldu da jai egunetan eta egunero gaueko 22:00ak arte irekita egongo da eta egun berezietan (irailak 8, 9, 12, 16 eta 19) gaueko 12:00ak arte. Herriko sarrera guztietan seinaleak jarriko dira horien kokapenaren berri emateko.  

Garbitasuna 

Bestalde, martxan dagoen ‘Denon artean Bermeo garbi garbi’ kanpainarekin lotuta, Ibarrolazak gogoratu du jaietan ere “guztion artean, -Udala, tabernari, dendari, txosnak eta herritar guztion artean-, herria zaindu eta garbi mantendu behar dugula”. “Herria txukun mantentzea gure erronka izan behar da eta, horretarako, Udalak ahalegin bereziak egingo ditu, izan ere, garbiketa zerbitzuak indartuko dira jai egunetan eta baita irailaren  20an ere”, azpimarratu du.

Horrela, errefortzu bezala, ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago egongo da jai egunetan, gidari bat eta laguntzaile batekin.  Horrez gain, Udaleko zerbitzuetako langileen errefortzua egingo da aipatutako egun horietan garbitasuna bermatzeko.

Zerbitzuetako zinegotziak sastarrak edukiontzietara botatzeko eta, bereziki, botilak beiraren edukiontzietara botatzeko eskatu du, besteak  beste. Horrez gain, komun publikoak ere ezarriko direla jakinarazi du.

Sastar batze zerbitzuari dagokionez, irailaren 7tik 16ra 14:00etatik aurrera egingo dela eta irailaren 9an ez dela egongo jakinarazi du. Irailaren 17tik aurrera zerbitzua betiko moduan izango da.

Zerbitzu Saileko zinegotziak talko hautsak ez erabiltzeko eskatu du. Bere esanetan, nahiz eta Arrantzale Egunean ohitura bat izan horiek jaurtitzea, kontuan izan behar da, horren ondorioz,  “kaleek laban egiten dutela eta hainbat herritar jausi egiten direla eta osasun-arriskuak sortarazten dituztela arnasa egitean birikietan gelditzen direlako”. “Oso zaila da ere talko hautsa ondo garbitzea, kaleak ureztatuta ere, hainbat egun igaro beharko dira erabat garbitzeko”, gaineratu du.

Irailaren 8ko eta 16ko su artifizialak direla eta, bai auzokideei eta bai arrantza eta kiroletako motorrei hainbat segurtasun neurri gomendatu die Zerbitzu zinegotziak istripurik ez egoteko. Horrela, azaldu duenez, motorrak barruko farol berdetik ahalik eta urrunen utzi beharko dira, handik botatzen dira suak eta.  

Horrez gain, “motorretako eskotilak eta ateak itxi beharko dira eta ezin izango dira utzi kubiertan ez sarerik, ez belarik ez surik hartu ahal duen beste gauzarik”. “Motorren batera fuetarik erortzen bada eta sua hartzeko arriskurik ikusita 112 telefonora deitzea eskatzen da”, esan du. 

Herritarren kasuan ere, balkoietako leiho eta ateak ixtea eta kamaretako argizuloak ondo zarratuta egotea gomendatu du eta ez irtetea balkoi eta terrazetara. “Teilatu edo terrazaren batera fuetarik erortzen bada eta sutea hartzeko arriskurik ikusita Udaltzaingoari deitu hainbat arinen telf.092”, adierazi du. 

 “Bermeoko Udalak neurri guzti hauek hartu ditu  jai programaren barne dauden ekimen ezberdinak martxan jarri ahal izateko eta guztiok jaiekin disfrutatu ahal izateko”, esan du alkateak.

Bestalde, herritarrei eskatu die kalteren bat ikusten badute edo abisuren bat eman nahi badute 010 edo 092 telefonora deitzeko.  

Xabier Anparan 

Bestalde, alkateak gogoratu duenez, Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7an, astelehenean, hasten dira eta protagonista berezi bat izango dute Bermeoko jaien hasierak, hain zuzen ere, Xabier Anparan bermeotarra, Austrian egindako Munduko Ironman txapelketan bigarren postua lortu duena bere kategorian.  

Horregatik, Xabier Anparan bermeotarra izango da Bermeoko banderaren jasoera egingo duena. Horrela, Bermeoko Udalak adierazi duenez, Bermeoko herriak Bermeotar kirolari “izugarri honen indarra, gaitasuna, ahaleginak, eta meritua aitortu nahi ditu”, izan ere, “mundu mailako horrelako froga batean bigarren postua lortzea benetan goraipatzekoa eta aitortzekoa da”. “Xabier Anparanek egindakoa eredugarria da eta bermeotarrok arro gaude, horregatik nahi dugu jaien hasieran protagonismo berezia izatea”, adierazi du alkateak.

Alkateak eta alkateordeak jai egunetan ondo pasatzeko aukera izugarria egongo dela adierazi dute, eta  herritar guztiei eta pertsona guztiei jaietan parte hartzera gonbidatu die. “Seguru gaude bermeotarron inplikazioa handia izango dela betiko moduan eta jai giroa aparta izango dela”, azpimarratu dute.

 

 

03 / 09 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0