Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak joan den urteko ekintza nagusiak aurkeztu ditu 2020ko kontu ematean

-Iazko aurrekontua exekutatu aldera, partaidetza-prozesuan herritarrek lehentasunezkotzat identifikatu zituzten ekintzak lehenetsi dira.

-Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, herritarrak helarazitako proposamen eta  beharrizan berrien arteko oreka-lan zorrotza burutu da.

Bermeon, 2021ko apirilaren 29an.- Bermeoko Udalak iazko ekintza nagusiak aurkeztu ditu gaur, 2020ko kontu ematean. Herritarrek partaidetza-prozesuan lehentasunezkotzat identifikatutako ekintzak lehenetsi ditu Udal Gobernuak, baina, COVID-19-aren ondorioz zituen aurreikuspenak egokitzeko beharrean aurkitu da. Horrela, interes kolektibo handieneko gaiei lehentasuna ematen saiatu da, osasun eta ekonomia arloko krisiak eragindako arazoei erantzun asmoz.

Horrela, Udalak beharrezko ikusi du 2020ko aurrekontua berrantolatzea eta ezinezkoa izan da aurreikusitako proiektu guztiak gauzatzea. Hala ere, badira, burutzeko, ekitaldi bat baino gehiago behar duten proiektuak eta horietan buru-belarri dihardute lanean ahalik eta arinen gauzatu ahal izateko.

“Udalaren xedea herritarrek adierazitako beharrak asetzea da, bermeotarrek dituzten premiei erantzutea, gure herria eta eskualdea ekonomiaren ikuspegitik suspertu eta guztion bizi-kalitatea hobetu” azpimarratu du alkateak.

Horren haritik, Udalak, 1.275.189,50 euroko inbertsioa egin du koronabirusaren ondorioei aurre egiteko eta berraktibazio ekonomikoa bultzatzeko. “Nik Bermeon” kanpainari esker, osasun-krisiak herritarrengan izan duen eragina murrizteko ekintzak bultzatu ditu, besteak beste, dezinfekzio bereziak egin, babes ekipoak erosi eta produktuak eskuratu.

Horrez gain, berraktibazio ekonomikoari dagokionez, hala nola, diru laguntza bereziak, hobari fiskalak, enpresentzako aholkularitza zerbitzuak eta Bermeoko bonuak luzatu ditu.

Era berean, irisgarritasunean egiten ari den ahaleginaren seinale, Udal Gobernuak 699.877,92 euroko inbertsioa egin du, saihesbideko lotura gauzatzeko, Zarragoitxiko irisgarritasun proiektua exekutatzeko, eta kale eta auzoetako bideetan hobekuntzak, asfaltatze lanak eta espaloien konponketa burutzeko.

Herria garbi mantentzeko ere ahalegin berezia egin du Udalak, horretarako 836.756,54 euro bideratu ditu. Pertsonala indartu, hidrogarbigailu berriak eskuratu, 205 edukiontzi berri jarri eta sastarrak biltzen dituen kamioiak barriztu dira, besteak beste.

Halaber, herritarrak udalerriaz gozatzeko aukera izaten jarraitu dezaten 1.135.431,75 euroko inbertsioa zertu da. Tonpoia gune natural legez egokitzeko proiektuan aurrerapausoak eman dira, kirol instalazioetan hobekuntzak egin dira (Itsas-gane futbol zelaiko harmaila nagusiko estalkia barriztu, igerilekuko kristalera eta sabaia aldatu, kiroldegiko larrialdietako eskailera berria jarri) eta umeen jolasguneetan hobekuntzak gauzatu baita ere (Tala, Estrella plazan, Artike bidean, Lameran…) esaterako.

Bukatzeko, herriko zenbait guneren segurtasuna hobetu aldera, Udalak, 72.318,43 euro bideratu ditu. Horrela, leku ezberdinetan hesien berrizte-lanak burutu dira (San Frantzisko herri eskolan, Iparragirre kalean, San Martineko erreka inguruan…) eta Erreten lamera, Almike bidea eta Talako argiterian hobekuntzak gauzatu dira baita ere.

2020an zehar beste hainbat ekintza gauzatu diran arren, honakoak dira herritarrek adierazitako lehentasunen bidetik gauzaturiko nagusienak. Udal gobernu honek gardentasunarekin eta herritarrekin komunikazio zuzena izatearekin duen konpromisoa berretsiz, bizilagun guztiei bermeotarron dirua zertara bideratu den azaltzea da kontu emate honen helburu nagusia.

29 / 04 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0