Albisteak

Albistea

Eleizalde Ikastolak Rexcatering proiektu berritzailea martxan jarri du, elikagaien xahutzeari aurre egiteko

-Elikagaiak herritarren eskura jarriko dira doan, Areneko Kiroldegi kanpoan jarri den salmenta automatikoko hozkailuan.

Elikagaiak alferrik galtzearen aurka, Bermeoko Eleizalde Ikastolak Rexcatering sareagaz bat egin du. Modu horretara, gaur martxan jarriko da ikastolako jantokian elikagaien soberakinak berreskuratzeko proiektua, Zero Zabor Fundazioagaz eta Ausolan taldeagaz elkarlanean. Elikagaiak herritarren eskura jarriko dira doan,  Areneko Kiroldegiaren kanpoaldean jarri den salmenta  automatikoko makina batean (Zero Zabor Hozkailua), eta edonorentzat eskuragarri egongo dira. Proiektu hau martxan jarrita, Eleizalde Ikastola elikagai-hondakinen kontrako eta ekonomia zirkularreko proiektuetan aitzindari bihurtu da, inguruan honelako proiektu bat abiarazten duen lehen ikastetxea izanik.

Janaria prestatzen den sukaldean hasten da prozesua, kasu honetan, Eleizalde Ikastolako sukaldean. Soberakinak erabat konpostagarriak diren ontzi indibidualetan sartzen dira, eta termikoki zigilatu.  Ondoren, etiketak ipintzen dituzte, eta hozkailura eraman. Soberakinak ontziratzeaz jangelako langileak arduratzen dira, hala ere, ikasleek funtsezko zeregina dute prozesuan, modu aktiboan parte hartuz. Etiketatze prozesuan laguntzen dute, eta ontziak Zero Zabor Hozkailura eroateaz arduratzen dira. Modu horretara, prozesuan ez dago CO2 isuririk duen garraiorik. Etiketa bakoitzean honakoak agertzen dira: ontziratutako jakia zer den, iraungitze data eta alergia zehaztapenak.

Bermeoko Eleizalde Ikastolako zuzendari Urko Goitiak esan du  jasangarritasunaren bidean ematen duten “pauso sendo” bat dela Rexcatering proiektua: “Ikastolako komunitateari eta Bermeoko herriari ekarpen handia egingo dion proiektu solidarioa izateaz gain, ikasleekin batera gauzatuko dugu prozesua, eta esperientzia eta ikaskuntza aberasgarria izango da zalantzarik gabe”.  

Ikastolako zuzendariak gaineratu du proiektuaren helburua ez dela jangelan soberakinak sortzea, zaborrik ez sortzea baizik; alegia, jangelatik zaborrontzira doan janaria aprobetxatzea.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly eta Endika Etxebarria Telleria Gizarte Ongizate Saileko zinegotzia ere Rexcatering proiektuaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzera bertaratu dira Eleizalde Ikastolara. Etxebarria “pozik” agertu da Eleizalde Ikastolak martxan jarri duen proiektuagaz, “oso interesgarria” dela adierazita. “Bermeoko Udaletik erraztasun osoa eman gura izan diogu proiektuari. Izan ere, Ingurumen eta Gizarte Ongizate Sailetik bideratu gura dugun proiektu baten hasiera bikaina da. Udaletik etorkizunerako aurreikusita daukagun proiektuak, elikagaien eta organikoaren birziklapenarekin zerikusia dauka”, azaldu du Etxebarriak.

Sukalde zentraletako eta jantoki kolektiboetako soberako elikagaiak modu seguruan berreskuratzen dituen estatuko proiektu bakarra da Rexcatering, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) proposatzen dituen Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat eginez. Berrikuntza teknologikoan osagai sendoa du, eta dagoeneko beste udalerri batzuetan ezarrita dago: Azpeitian, Etxebarrin, Plentzian, Durangon, Lemoan, Donostian eta Portugaleten. Innobasquek (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) 2021ean antolatutako Global Innovation Day-ean, euskal berrikuntzako jardunbide egokien 6 kasu onenetako bat izan da proiektua. Gainera, 2023ko Europako Innovation in Politics Awards sarietan saritu dute, "Babes Klimatikoa" kategorian.

Aurrerantzean Zero Zabor Hozkailuan dagoena hartzera animatu dituzte herritarrak: “Proiektu eraldatzaile eta berritzaile honen bidez, denon artean zabor gutxiago sortzeko gai izango gara”.<u> </u>

REXCATERING:

www.rexcatering.com

www.fundacionresiduocero.org

Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=qS1k9B_s0LY&ab_channel=IraurgiIkastetxea

17 / 04 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0