Albistea
Sollube 707 Mendizale taldeak Idiazabal gaztaren ibilbidea, GR-283, egiteko ekimena antolatu du. Ibilbide hori bost etaparekin osatzen da eta bakoitzean gure historia ezagutzeko eta ehunka paisaia eta esperientziaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek; izan ere, turismoa, kultura eta kirola uztartzen dituen ibilbidea da. Lehenengo etapa Legazpi-Arantzazu (12km.) apirilaren 7an, domekan, izango da.
Sabin Bilbaok, Sollube 707 taldeko ordezkariak, gogoratu duenez, “joan den urtean Oion eta Bermeo arteko Ardo eta Arrainaren ibilbidea antolatu genuen eta horrek izandako arrakasta kontuan hartuta, Idiazabal gaztaren ibilbidea antolatu eta bost etapatan egitea pentsa dugu”.
Idiazabal Gaztaren Ibilbideak edo GR-283ak Gipuzkoa barnealdeko ingurune idilikoak ezagutzeko aukerak eskainiko du, 9,777 metroko desnibel metatuta du, desnibel positiboa 4,920 metro da eta negatiboa 4,857, eta guztira 95,7 kilometroko luzera du. Etapa bakoitza egun batean egiteko pentsatua dago eta, besteak beste, Goierri, Urola Garaia eta Deba Garaia bailarak gurutzatzen ditu. Sabin Bilbaok ibilbide hori honako bost etapetan burutuko dutela azaldu du:
1- Legazpi- Arantzazu (12 kilometro)- Apirilak 7
2- Arantzazu-Otzaurte (18km)- Maiatzak 1
3- Otzaurre-Lizarrusti (17 km)- Ekainak 8
4- Lizarrusti-Ordizia (20 km)- Ekainak 9
5- Mutiloa- Ordizia (14 km)- Irailak 29
“Etapak ez dira ez gogorrak ez errazak, guztiek dute euren nortasuna”, azpimarratu du Sabin Bilbaok. Hirugarren etapan, ekainaren 8an, gaua bertan pasako dute parte hartzaileek eta hurrengo egunean, ekainaren 9an, laugarren etapari ekingo diote.
1. Etapa Legazpi-Arantzazu
Ibilbidearen 1. Etapa, Legazpi-Arantzazu (12km.), apirilaren 7an, domekan, izango da eta, bertan, parte hartzaileek Kataberako meatzak eta, Biozkornian, amabirjinaren aulkia ikusiko dituzte. Kondairak dioenaren arabera, Ama Birginak Aralartik Arantzazurako bidea egin zuen, haurra besoetan, eta bidean atseden hartu zuen muino honetan, Txindokira begira dagoen harrizko aulkian, hain zuzen ere. Bukatzeko Arantzazun, Gomistegi baserrian dagoen Artzai eskola bisitatzeko aukera izango dute. “Egun ederra pasatzeko eta gure ondarearekin eta paisaiarekin gozatzeko aukera izugarria izango dugu”, adierazi du.
Irteera Zubiaur Tar Kepan, Bermeoko udal azokaren aurrean dagoen markesinan izango da goizeko 7:00etan. Izena emateko Sollube 707 taldeko telefono hauetara deitu behar da: 676 620 195 edo 619 75 31 98. Bazkideentzat 10 euro izango da eta ez bazkideentzat 12 euro.
Bost etapetan zehar Gipuzkoako paisaia, natura, eta ondarea ezagutu ahal izango dituzte parte-hartzaileek. Horrela, lehenengo etapan ezagutu dituztenez gain, gainerako etapetan honakoak ikusteko aukera izango dute: Katzada eta San Adriango tunela, monumento megalitikoak, Otzaurteko pagadia, Lizarrustiko interpretazio gunea, Lareo urtegia, artaldeak dabiltzan belardiak Txindoki parean, Urdaneta bizi izan zen etxea, Gaztaren museoa Idiazabalen…
Bilbaok azaldu duenez, Sollube 707 kideek gidatuko dituzte etapa guztiak eta parte-hartzaileek haien laguntza izango dute. Etapa bakoitza bukatzerakoan zigilua emango zaie mendizaleei eta etapa guztiak egiten dutenek diplomatxoa jasoko dute.
Sollube 707 mendizale taldeko ordezkariak mendizale guztiak animatu ditu ekimen honetan parte hartzera; izan ere, Gipuzkoako ondarea eta historia ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du, aldi berean, paisaia zoragarriekin gozatuz ekimen osasuntsu bat eginez.
010 (94 617 91 00)