Albistea
Urdaibaik eskaintza turistiko zabala du baina, orain arte, sakabanatuta agertzen zen euskarri ezberdinetan. Hori dela eta, Gernika, Mundaka eta Bermeoko Turismo Bulegoek elkarlanean eskaintza guzti hau biltzea erabaki dute, Urdaibai bisitatzen dituzten pertsonek modu praktiko eta erakargarriago batean eskaintza guztiaren berri izan ahal izateko Horrela, 50 plan baino gehiago biltzen dituen eskaintzaren berri izango dute Urdaibai bisitatzen dituzten pertsonek.
50 plan hauetan era guztietako eta pertsona guztientzako eskaintzak jasotzen dira, besteak beste, bisitatzeko interesgarriak diren lekuei buruzko informazioa (Gaztelugatxeko San Juan, Santimamiñeko kobak, Urdaibai Bird Center, Euskadiko Biodibertsitate Zentroa -Madariaga dorretxea, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Aita Guria baleontzia, Batzarretxea eta Gernikako arbola…); itsas ibilbide ezberdinak, bertoko produktuak, eta hainbat motatako jarduerak (jaitsierak, kayak, surf, eskalada, orientazioa, tirolina, itsasontzian ibilaldiak …).
Eskaintza guzti honen berri hainbat bide erabiliz emango da. Euren artean Bermeo, Gernika eta Mundakako turismo bulegoen bidez, izan ere, hiru bulego hauek 50.000 bisitari inguru izaten dituzte uztailean eta abuztuan. Hiru herri hauetako Udalen web guneetan ere agertuko da (www.bermeo.eus, www.gernika-lumo.net eta www.mundaka.org). Whatsapp-a eta sare sozialak ere erabiliko dira gure eskaintza turistikoaren zabalkunderako.
Horrez gain, Urdaibaiko turismoarekin erlazionatutako enpresa guztiei ere helaraziko zaie (alojamendu, jatetxe, taberna, turismo aktiboko enpresak, ekoizleak…) eurak aldi berean euren bezeroei ere Urdaibaiko eskaintza turistikoaren berri emateko.
“Urdaibaik leku benetan zoragarriak ditu eta ondo pasatzeko aukera pila eskaintzen ditu, horregatik eskaintza guzti hori batu izan nahi dugu bisitariek guztiaren berri era praktiko eta erakargarrian izateko”, adierazi dute Gernika, Mundaka eta Bermeoko Turismo Bulegoek. Hauek pertsona guztiak gonbidatu dituzte Urdaibai ezagutzera, izan ere, paisaiaz, kulturaz, gastronomiaz eta aisialdiko ekimen ezberdinekin ondo pasatzeko aukera izango dute bisitatzen gaituzten guztiek.
010 (94 617 91 00)