Albistea
Iaz hasitako bideak jarraipena izango du aurten. Hala, bigarren urtez jarraian, Bermeoko Udalak eta Berton merkatari elkarteak elkarlanean, Gabon Azoka Bermeotarra antolatu dute. Aurten, abenduaren 6tik 8ra bitartean izango da azoka eta Artza frontoian kokatuko da.
Aurtengoa ere, Bermeoko merkatariez osatutako azoka izango da, beraien produktu eta lana ezagutarazteko asmoz. “Gure merkatarien lanari balioa eman gura diogu, eta gure merkataritza indartu. Iaz esan genuen, Gabon aurreko azoka bermeotar hau urtero ospatzeko ohitura ezartzea zela gure asmoa, eta hemen gaude bigarren urtez, Gabon Azoka Bermeotarra aurkezten”, adierazi du Maite Caruezo Ugalde Garapen ekonomikorako zinegotziak.
Berton merkatari elkarteko ordezkariek azaldu modura, azoka Gabonetara begira dago, eta sektore desberdinetako komertzioak batuko ditu; denetara, 23 komertzio eta zerbitzu egongo dira: “Azoka honetan herriko komertzioen produktuak eta zerbitzuak egongo dira aukeran, modu desberdin batean. Hortaz, azokari giro polita eman asmoz, musika, jan-edanak, umeentzako jolasak... egongo dira Artza frontoian. Gainera, azokan produktu bereziak egongo dira, eta bertan bakarrik aurkituko ahalko dira”. Azokako parte-hartzaileek, gainera, euren produktuak edo zerbitzuak aurkeztu ahalko dituzte, Artza frontoian bertan jarriko den agertokian. “Herritarrak eta merkatariak batzen dituen azoka antolatzea da asmoa, gure herritarren parte hartzea sustatuta. Gabonetako Azokak magiaz eta jai giroz beteko du frontoia eta ingurua, etorri, kuxkuxeatu, erosi eta gozatu”, adierazi dute.
Gabon Azoka Bermeotarra goiz eta arratsaldez zabalik egongo da barikuan eta zapatuan, 11:00etatik 15:30era eta 17:30etik 20:30era, eta domekan, goizez bakarrik egongo da. Gastroguneak, berriz, goizetik iluntzerako ordutegia izango du, etenik barik, barikuan eta zapatuan, 11:00etatik 21:00etara.
Gabon Azoka Bermeotarra sareetan
Ahalik eta hedapen zabalena izan asmoz, antolatzaileek kontu berria zabaldu dute Instagram sare sozialean: gabon_azoka_bermiotarra. Bertan bideo desberdinen bitartez, asteburuko azokan parte hartuko dutenen informazioa zabaltzen gabiltza. Bertan aurkitu daitezke azokaren nondik norakoak.
“Lan asko egiten ari gara azoka hau polito geratzeko. Gure bezeroei herrian daukaten aukerak ahalik eta modurik politenean aurkeztea da gure asmoa”, azaldu dute Bertonetik.
Gabonetako argiak
Udalerria ere badoa Gabonetako giroan sartzen, prest daude Gabonetako apaingarriak eta argiak, azken hauek eguenean piztuko dira, abenduaren 5ean. Aurten, gainera, Gabonetako argiteria indartu egin da, eta berritasunak ere badaude, horien artean daude, Lameran jarri diren bola eta opari-kutxa, Goiko Plazako argi-sabaia eta udal azokako zuhaitz berritua…
Nadia Nemeh Shomaly, Bermeoko alkateak, herritarrak eta bisitariak gonbidatu ditu Gabon Azoka Bermeotarrera: “Etorri eta kuxkuxeatu, gure herrian komertzio eta zerbitzu oso onak ditugu, eta azoka hau aukera ederra da, gurean ditugunak hobeto ezagutzeko. Era berean, Gabonetako giroan murgiltzeko aukera ederra eskainiko du, ez galdu aukera!”.
010 (94 617 91 00)