Albisteak

Albistea

Busturialdeko Gazteria Zerbitzuek zeinu hizkuntzaren ikastaroa eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko ikastaroa antolatu dituzte

 

Busturialdeko gazteria zerbitzuek ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne hainbat ikastaro antolatu dituzte. Batetik, Zeinu Hizkuntza hasiera mailako (A1-A2) ikastaro trinkoa antolatu dute Gernikan eta, bestetik, laneko prebentzioko oinarrizko ikastaroa Bermeon.

Zeinu Hizkuntza hasiera mailako (A1-A2) ikastaroa eskualdeko gazteei zuzenduta dago, maiatzaren 6tik ekainaren 14ra arte izango da (09:30-13:30), Gernika-Lumoko Urremendi Landa Garapen Elkartearen egoitzan, Merkatu Plazan. Matrikula epea zabalik dago apirilaren 29ra arte.

Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak emango du ikastaroa. Helburua da gorrak diren eta ez diren pertsonen arteko komunikazioa erraztea eta komunikazio hori eragozten duten oztopoak apurtzea, elkarren arteko harremanak aberasteko.

Ikastaroak 140 orduko iraupena izango du (120 ordu presentzial + 20 ordu ez presentzial) eta 15 ikaslek hartu ahal izango dute parte, gehienez. Ikastaroa bukatzean, dagokion hizkuntza-gaitasuna (A1-A2) lortu dela ziurtatzen duen agiria (Eusko Jaurlaritzak, eguneratze-ikastaro bezala homologatuta eta Estatu mailan balioa duena) emango da, beti ere, ezarritako ebaluaketako probak gainditzen badira eta baimentzen diren huts-egite kopurua gainditzen ez bada. Ikastaroko helburuak ez lortzeagatik ikastaroa gainditzen ez dutenei, bertaratze ziurtagiria emango zaie.

Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteek 250 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Hala ere, ikastaroa bukatu ondoren %90etik gorako parte-hartzea izan dutenei 100 euro itzuliko zaizkie.

35 urtetik gorakoek eta Gaztedi Busturialdea programan parte hartzen ez duten herrietan erroldatutakoek, berriz, 289 euro ordaindu beharko dituzte. Horien kasuan, ez zaizkie dirurik itzuliko. Informazio gehiago: https://bit.ly/2Ge7NFz

Bestalde, Busturialdeko gazteria zerbitzuek laneko arriskuen prebentzioko (PRL) oinarrizko ikastaroa (60 ordukoa) antolatu dute eskualdeko gazte langabeentzat eta langileentzat, ERAIKUNTZA/METALA sektoreetarako.

Ikastaroaren helburua da eraikuntza sektoreko eta metalaren sektoreko lan-hitzarmenetan jasota dauden prebentzioko prestakuntzaren edukiak eskuratzea eta, horren bidez, laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko funtzioak betetzeko ezagutzak lortzea.

Prestakuntza hau 2019ko maiatzaren 13tik 31ra bitartean emango da, hiru astez, Bermeoko Merkatu Plazan, Bermeoaldeko Behargintzaren ondoan, goizeko ordutegian, 09:30etik 13:30era, hain justu. Euskal Herriko Eraikuntzako Lan Fundazioko (Fundación Laboral de la Construcción) irakasleek emango dute ikastaroa. Izena emateko epea maiatzaren 6ra arte edo plaza kopurua bete arte egongo dago zabalik.

Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteek 130 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Hala ere, ikastaroa bukatu ondoren, %90etik gorako parte-hartzea izan dutenei 65 euro itzuliko zaizkie. Gazte langabeentzako ikastaroa doan izango da. 35 urtetik gorakoek eta Gaztedi Busturialdea programan parte hartzen ez duten herrietan erroldatutakoek, berriz, 220 euro ordaindu beharko dituzte. Horien kasuan, ez zaizkie dirurik itzuliko. Informazio gehiago: https://bit.ly/2XdXBUl

 

 

23 / 04 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0