Albisteak

Albistea

Bermeoko Udala, Aldundia, Ortube Ontziaren Lagun Elkartea eta Itsasmuseum elkarlanean Ortube arrantza-ontzia berreskuratzeko

 

  •  Ortube, Bermeoko Udalaren jabetzakoa,  Euskadin bizirik dirauten tamaina handiko azken hiru ontzietako bat da, eta dituen ezaugarriengatik, XX. mendean Bizkaian izandako eraikuntza-garapenaren adibide eta gaur egungo Bermeo bere arrantza-iraganarekin ainguratzeko elementua.

Bermeon, 2023ko martxoaren 27an.- Bermeoko alkateak, Aritz Abaroak; Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Lorea Bilbao Ibarrak; BizkaiKOAako zuzendari kudeatzaileak, Asier Madarietak; Ortube Ontziaren Lagun Elkarteko presidenteak, Juan Andrés Diez de Ulzurrunek; eta Itsasmuseumeko zuzendariak, Jon Ruigomezek, lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Ortube arrantza-ontzia berreskuratzeko eta zabaltzeko zaharberritze-proiektua landu eta gauzatzeko.

Ortube, Bermeoko Udalaren jabetzakoa, Euskadin bizirik dirauten eta, dituen ezaugarriengatik, XX. mendean Bizkaian izandako eraikuntza-garapenaren adibide den eta gaur egungo Bermeo bere arrantza-iraganarekin ainguratzeko elementu den tamaina handiko egurrezko azken hiru ontzietako bat da. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak itsasontzian egin diren zaharberritze-lanen zati bat finantzatzen laguntzen du, eta bi urtez indarrean egongo den hitzarmen honen bidez laguntzen jarraituko du, Ortube arrantza-ontzia berreskuratzeko eta zabaltzeko zaharberritze-proiektua bultzatuz, ontziak nabigagarritasun-baldintzak berreskura ditzan.

Foru Erakundeak 190.000 euroko inbertsioa egin du ontzian egin diren zaharberritze-lanen zati bat finantzatzeko, Ortube arrantza-ontziak osatzen duen ontzi-ondarea kontserbatzen laguntzeko.

Bermeoko Udalak Ortube ontzia berreskuratzeko eta zabaltzeko zaharberritze-proiektuaren administrazio- eta aurrekontu-kudeaketa guztia egingo du. Aritz Abaroa Bermeoko alkateak azaldu duenez, udalerria eta bere garapen sozial zein ekonomikoa betidanik egon dira itsasoari lortuta eta Ortubek ibilbide hori ordezkatzen du. Abaroak azaldu duenez, “gure izana eta izena hain zuzen ere. Zentzu horretan ekimen hau oso garrantzitsua da historiari balioa emanez gure etorkizuna eraikitzeko oinarri sendoak finkatzen jarraitzen dugulako. Hitzarmen honi esker bolondresek urte luzez Ortube berreskuratzeko egin duten lan bikaina aitortu eta eskertu gura dugu eta nola ez, gure ondare material eta immateriala berreskuratzen jarraitzeko desberdinen elkarlana bermatuko dugu”.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu duenez, “2018an hasi ginen ontzi horren mantentze-lanak egiten, Aldundi gisa gure lana delako. Gure eginbeharra da ondarea zaintzea. Kasu honetan, itsas ondarea”. Bilbao Ibarrak azpimarratu duenez, hitzarmenak bi urteko epea aurreikusten du, eta Ortuben egin diren berreskuratze-lanen azken fasea amaitzea du helburu. Ortube ontzaia berreskuratzeak nolakoak ginen gogoraraziko digu berriro, baina herri eta lurralde moduan eboluzionatzeko, hobetzeko eta egokitzeko dugun gaitasuna ere erakutsiko digu”.

Itsasmuseumek, bestalde, zaharberritze-lanen zuzendaritza teknikoa egingo du Erainen, museoaren erriberako arotzeriaren ezagutza-poloaren bitartez. Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera 2015ean abian jarritako ekimen estrategikoa da, eta Bizkaian hazten eta sendotzen joan da. Horren bidez, Itsasmuseumek proiektuaren zerbitzura jartzen ditu zaharberritze akademikoaren irizpide teknikoak, erriberako arotzeria tradizionalean urteetan eskuratutako ezagutzak eta diziplina anitzeko giza taldea, urte askotako ibilbidea duena esparru eta sektore desberdinetan.

Museoak hainbat proiektutan laguntzen du etengabe eta Bizkaiko itsas kultura eta ondarea babesteko eta zabaltzeko eginkizunarekin bat datoz. Jon Ruigomez zuzendariaren ustez, “poriektu hauek aukera bat dira urteek sortutako jakintza praktikan jartzeko eta partekatzeko, baina, batez ere, gure itsas historiaren inguruan ikasten eta lankidetza-sare bat eraikitzen jarraitzeko aukera ematen digu”.

Itsasmuseumek arrantza-ontziak zaharberritzeko proiektua eta arrantza-ontziak mantentzeko plana idatziko ditu, eta helburuak eta ekintza zehatzak zehaztuko ditu. Ortube elkarteak gauzatuko ditu arrantza-ontzia berreskuratzeko ekintzak.

 

 

27 / 03 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0