Albistea
2013an Alde Zaharrean gertatutako sute lazgarriak behartuta, Goiko Plazan kokatu dagoen udaletxeak ateak zarratu behar izan zituen. “Orain, 11 urte geroago harrotasunez esan dezakegu, berriro zabalduko ditugula eraikin historiko honen ateak”, adierazi du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak. Zoritxarreko gertakari hark udalerria kolpatu zuen, kalte material eta emozional handiak eraginez; horien artean, udaletxearen itxiera, “herriko bizitza instituzionalaren ikur nagusietako bat dena; udaletxea guztion etxea delako”.
Urteetako ahalegin eta lanari esker, eraikin garrantzitsu hau berriro prest dago ateak zabaltzeko. Udal langileak apurka-apurka itzuliko dira eraikinera datozen asteetan. Hori baino lehen, ateak zabaldu gura dira, udal langileek eta herritarrek barrutik bisitatzeko aukera izan dezaten; “udaletxea herritar guztion etxea delako”. Lanak egiterako orduan, “modernitatearen eta eraikinaren historiarekiko errespetuaren arteko oreka zaintzea” izan dituzte kontuan.
Ate irekien jardunaldia abenduaren 5erako (eguena) antolatu da:
11:00-13:00: Bermeoko Udaleko langileek izango dute udaletxea bisitatzeko aukera.
18:00-20:00etara: Herritar guztiei zabaldutako deia.
Alde Zaharrean gertatutako suteak, hainbat eraikin suntsitzeaz gain, herriaren nortasunari eta eguneroko bizitzari ere kalte egin zion. “Udaletxearen birgaitzea herriko ondarea berreskuratzeko urrats garrantzitsua da. Era berean, eraikinak bermeotarren egunerokotasunean duen garrantzia berreskuratuko du”.
Fase desberdinak
Hiru agintaldi eta 11 urte hauetan, faseka eta gutxi-gutxika egin izan dira udaletxe historikoa birgaitzeko lanak; guztira, 1.468.052,06 euroko kostuarekin. Lanok egiteko Bermeoko Udalak Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren diru-laguntza jaso zuen 2017 eta 2019 bitartean. Hiru urtetan banatuta, 186.440 euroko diru-laguntza jaso zen.
· 2015ean eraikina hustu zen, eta eskailera berriaren eta igogailuaren hormigoizko euste-horma eraiki ziren.
· 2017 eta 2018 urteetan egin ziren estruktura eta estalki berriak.
· 2019 eta 2020 bitartean egin ziren akabera orokorrak eta instalazio sareak.
· 2023an egin ziren barruko banaketak (manparak), akaberak eta beste elementu batzuk (sabai-leihoa, sarrerako ateak).
· Altzariak, berriz, udazken honetan jarri dira.
Proiektu honen jatorrizko egileak Begoña Tavera eta bere senar Ramon Garay arkitektoak dira. Horiek zendu ostean, Arkaitz Izarra arkitektoak eta Alexander Aranburu aparejadore bermeotarrak jarraitu zuten proiektuagaz eta obragaz.
Zerbitzu guztiak martxan, eta udal berrantolaketaren hasiera
Udal langileak gutxi-gutxika bueltatzen joango dira udaletxera, abenduaren 9tik hasita. Leku aldaketa honek udal guztiaren funtzionamenduan eragiten duen berrantolaketa eragingo du, Udalak azken hileetan jorratutako lanketa eta hausnarketaren ondorio.
Alkatetza eta Idazkaritza izango dira lehenak Udaletxera lekualdatzen, eta horren ostean joango dira langileriakoak. Ondoren, Gabonetako oporraldiaren ostean lekualdatuko dira Kontu-hartzailetza, Diruzaintza, Errentak eta Prebentzio sailak. Horiek izango dira, hain zuzen ere, udaletxean kokatuko direnak.
Bermeoko Udalaren barne funtzionamendua hiru ardatz nagusitan banatzen da azken urteetan: Erakunde, Lurralde eta Herritarrak. Berrantolaketa honetan, ardatz bakoitzak, eraikin bat izango du gune erreferentetzat. Modu horretara, udaletxe berrituan kokatuta egongo diren sailak Erakunde eremuko gehienak dira, eta ardatz horretako buru den Nadia Nemeh Shomaly alkateak bertan izango du kokalekua, eta udaletxean hartuko ditu hitzorduak.
Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta Sailak, Erakunde eta Herritarrak eremuetan eragiten du; kokapena Herritarrak ardatzeko sailekin izango du.
Lurralde eremukoak Intxausti kaleko eraikinean kokatuko dira: Zerbitzuak, Urigintza eta Ingurumen, Udaltzaingoa eta Lurgintza. Lurraldeko ardatzaren arduraduna Xabier Ortuzar Butron da, eta bertan hartuko ditu hitzorduak.
Azkenik, Gizarte eta Kultura Etxean kokatuko dira Herritarrak eremukoak: Euskara, Kultura, Gazteria, aurretik adierazitako Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta, Berdintasuna, Kontsumo Bulegoa, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak (OGZ) eta Esnatu, Clara Campoamor eta cyte zerbitzuak. Azken hauek Areilza kaleko eraikinean kokatuta daude, baina euren zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxean ematea aurreikusita dago. Aldaketak gutxi-gutxika egiten joango dira, guneak antolatzen, sailen arteko bateratze eta lankidetza sustatzen, udal funtzionamendu eraginkorrago bat lortzeko. Herritarrak ardatzaren arduraduna Endika Etxebarria Telleria zinegotzia da, eta Gizarte eta Kultura Etxean hartuko ditu hitzorduak.
Kirol Saila, Lanbide Hastapena, Musika Eskola eta Zaharren Egoitza ere, eremu honetako sailak dira, baina gaur egungo kokagunean jarduten jarraituko dute.
Diru-bilketako leihatila itxi
Bermeoko Udaletik jakitera eman gura da, Diruzaintza saila Udaletxe berriaren eraikinera mugitzen den egunetik (urtarrilak 9), urte hauetan guztietan Intxausti kalean kokatuta egon den diru-bilketako leihatila zarratu egingo dela. Hau da, udaletxean egun horretatik aurrera ez da eskudirurik hartuko. Hala eta guztiz ere, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua Finantza Entitateekin bermatzen da (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Bankoam Rural Kutxa, La Caixa, Banco Sabadell), bakoitzak jarrita daukan ordutegian.
Ordainketak egiteko beste modu batzuk ere badaude:
· Berhaz bulegoan, kreditu txartelaren bidez.
· Internetez, Eusko Jaurlaritzako pasarelaren bitartez.
· Ordainagiriak helbideratuta.
Urte asko izan badira ere, iritsi da udaletxe historikoaren ateak zabaltzeko eguna. Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatu gura ditu ate irekien jardunaldian parte hartzera; “esan dugun moduan, hau guztiona delako”.
010 (94 617 91 00)