Albistea
Kudeaketa gardena bermatze aldera, Bermeoko Udalaren helburuak dira kultura parte-hartzailea bultzatzea eta herritarrei erabaki zehatzak hartzeko ahalmena ematea. Horrela, Udalak parte-hartze prozesua ireki du herritarrek aurrekontuetako 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko; eta, horren barne, batzar bat egingo du herritarrekin eguenean, maiatzaren 11n, arratsaldeko 17:00etan Bermeoko Kultur etxeko Gaztelekun.
Batzar horretan Bermeoko Udalak herritarrei parte-hartze prozesu honi buruzko azalpenak emango dizkie, eta, horrez gain, dinamika batzuk martxan jarriko dira, herritarrek proposamen komunak lantzeko eta aurkezteko.
Proposamenak aurkezteko epea irekita dago maiatzaren 14ra arte, eta Bermeon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek aurkez ditzakete euren ideiak. Horretarako, hiru bide daude: Berhaz bulegoa, aurrekontu parte-hartzaileen webgunean (erabaki.bermeo.eus) dagoen formularioa beteta eta eguenean, maiatzaren 11n, egingo den batzarrean.
Proposamenak jaso ondoren, Bermeoko Udalak aztertu egingo ditu eta bideragarriak direnak publiko egingo ditu. Era berean, herri mailan bozketa bat antolatuko du, onarpen handiena duten proiektu edo proiektuak martxan jartzeko helburuarekin.
Proposamenen ezaugarriei dagokienez, inbertsioak egiteko izan behar dira (azpiegiturak, obrak, berreraikitzeak, konponketak, proiektuen idazketa…) eta bermeotarren interes orokorrari erantzun beharko diote. Ildo berean, proposamenak udal eskumendun inbertsioak egiteko izango dira.
Parte-hartze prozesua Guzan eta Udal gobernuak elkarlanean garatu dute, izan ere, euren arteko akordio baten emaitza da. Bermeoko Udalak herritarrak parte-hartze prozesu honetan parte hartzera gonbidatu ditu, eta eguenean, maiatzaren 11n, Bermeoko kultur etxeko Gaztelekun egingo den batzarrean parte hartzera ere bai, “Bermeorentzat onuragarriak diren inbertsioak lantzera, Bermeo guztion artean eraikitzeko”.
Bermeoko aurrekontu parte-hartzaileei buruzko informazio guztia erabaki.bermeo.eus webgunean eskuratu ahal izango da.
010 (94 617 91 00)