Albisteak

Albistea

Bertoko produktuen Udaberriko II. Azoka apirilaren 25ean, zapatuan, Bermeoko azokan

 

Berdelaren marmitako dastatzea, umeentzako tailerrak, taloa, kontserbak  eta baserriko lehen mailako produktuak izango dira, besteak beste, Udaberriko azokan 

Bertoko Produktuen Udaberriko II. Azoka egingo da Bermeoko azokan apirilaren 25ean, zapatuan, goizean zehar (9:00-15:00). Bertaratzen diren pertsona guztiek berdelaren marmitakoa dastatzeko; baserriko lehen mailako produktuak, kontserbak eta gozoak eskuratzeko eta taloa jateko aukera ere  izango dute, giro ezin hobean. Horrez gain, umeek ere tailerretan ondo pasatu ahal izango dute eta merkatuko parkinga irekita egongo da erosketak errazteko. 

Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak, Ainhoa Maguregi Bermeoko Azoka Elkarteko (Berazel) bozeramaileak eta azokako merkatariek aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan apirilaren 25ean, zapatuan, egingo den Bertoko Produktuen Udaberriko II. Azoka.  

Adierazi dutenez, udaberriko azokaren protagonista eta berrikuntza bat berdelaren marmitako dastatzea izango da. Horrela azoka honetara datozen pertsonek, 13:00etatik 15:00etara, plater gozo hau dastatzeko aukera izango dute.  

Horrez gain, azokako saltokiek euren kalitatezko bertoko produktuak eskainiko dituzte, gozoak ere egongo dira eta Bermeoko kontserbak eskuratzeko aukera ere egongo da.  Ildo berean, taloa jateko ere aukera izango dute azokara bertaratzen diren pertsonek. Guzti hori euskal musikarekin girotuta egongo da, Bermeoko azokan giro aparta sortuz. 

Umeek ere euren tokia izango dute azokan, etxeko txikienei zuzendutako tailerrak egongo baitira 11:30etik 13:30era. ‘Arraintxue plateran’ izango da umeen tailerraren izenburua eta gai honekin zerikusia duten eskulanekin gozatzeko aukera izango dute umeek.  

Horrez gain, II. Udaberriko Azokan saltzaileek poltsa biodegradagarriak estreinatuko dituzte. Horrela bezeroei ‘Produkturik onenak gure baserritik zure eskura’ leloa izango duten poltsetan emango dizkie euren erosketak, azokako produktuen kalitatea poltsetan ere azpimarratuz.  

Plangintza 

Ormaetxeak azaldu duenez, Bermeoko Udalak plangintza bat egin du Bermeoko azoka biziberritzeko helburuarekin eta horren barne, hainbat ekimen egin ditu. Azkena, azoka seinaleztatzeko egindako mural ikusgarria da,  bermeotarron sustraiak erakusten dituena eta, aldi berean, jendea gure merkatura eta herrira erakartzen duena.  

“Horrez gain,  besteak beste, Udalak Bermeoko Udal Azokako araudia berritu du merkatua dinamizatzeko eta ekintzaileei negozioak bertan ezartzeko erraztasunak emateko eta bertoko produktuen azoka bereziak antolatzen ari gara, euretariko bat gaur aurkezten dugun udaberriko II. Azoka”, nabarmendu du.  

Turismo eta Merkataritza zinegotziak adierazi duenez, udaberriko azoka honekin Bermeoko azoka indartu nahi da eta gure baserrietako sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu ere bai, sasoiko produktuak kontsumitzea gure inguruko baserritarren onurarako delako eta gure elikadura ere hobetzen duelako.  

Irune Ormaetxeak eta Ainhoa Maguregik pertsona guztiak gonbidatu dituzte Udaberriko Azoka honetara etortzera euskal giro politean, berdelaren marmita dastatzeko eta balio erantsia duten gure produktuak (baserriko produktuak, kontserbak, gozoak) eskuratzeko aukera ederra egongo delako. “Taloa ere jan ahal izango dugu eta umeek tailerretan oso ondo pasatuko dute, erdu udaberriko II azokara!”, adierazi dute.

 

 

17 / 04 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0