Albisteak

Albistea

Inauguratu da Bermeoko XXI. Arrain Azoka kultura arrantzalearen erakusleiho garrantzitsuenetarikoa

Igandera arte itsas mundua ezagutzeko eta arrainaren kontsumoa bultzatzeko ekimen pila eskainiko ditu jai giro paregabean

Bermeoko XXI. Arrain Azoka gaur inauguratu da eta, igandera arte, “kultura arrantzalearen erakusleiho arrakastatsu eta garrantzitsuenetarikoa bisitatzeko aukera egongo da Bermeon”, Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azpimarratu duenez. 

Bermeoko alkateak, inauguratu du Bermeoko XXI. Arrain Azoka. Inaugurazioan, alkateaz gain, besteak beste, parte hartu dute Leandro Azkuek, Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak,  eta  enpresa eta erakundeetako ordezkariek.

Bidegurenek adierazi duenez, Bermeoko XXI. Arrain Azokara “heltzen gara Bermeon arrantza munduak utzitako ondarea zabaltzeko eta arrain kontsumoa eta kontserba industria bultzatzeko asmoarekin”. Gogoratu duenez, Arrain Azoka “sortu zenean aitzindaria” izan zen eta “apurka-apurka sendotzen joan da, gaur egun kultura arrantzalearen erakusleiho arrakastatsu bihurtuz”. 

Baina, zehaztu duenez, “gauzak ez dira berez gertatzen, era honetako azoka sortzeko eta sendotasun hau lortzeko arrazoiak dagoz”. Ildo honetan, arrantza munduak Bermeo eta Bermeoren inguruan izan duen eragina aipatu du,  “lanpostuetan, zientzian, teknologian, hizkuntzan, jaietan, elikaduran, nortasunean eta geure bizimoduan”. “Eragin honi esker Bermeo arrantza munduko hazitegi erakargarria da, azken finean, Bermeo leku aproposa da era honetako azoka bat antolatzeko eta lortu duen arrakasta lortzeko”, nabarmendu du.  

Bermeoko alkateak azaldu duenez, Bermeoko Azokaren “arrakastak hiru oinarri ditu: alde batetik, Bermeok kontserba industria garrantzitsuenetarikoa du eta kontserba lantegien inplikazioa azokan 21 urte hauetan oinarrizkoa izan da eta da azokak aurrera egiteko; beste alde batetik, Bermeok arrantzari loturiko duen kultura eta tradizioa ere ezinbestekoak dira gure Arrain Azokan eta arrakasta honen 3. oinarria herritarren eta herriko taldeen inplikazioa izan da”. “Kresala, beharrezkoa da herria bizirik mantentzeko”, esan du.

Bidegurenek gogoratu duenez, Bermeo “herri erreferentea izan da arrantza munduan betidanik”. “Garai batean, Balearen arrantzan, bakailaotan, Dakarreko kanpainetan, ontzigintzan, ontzien motorretan eta mantenuan be esperientzi handia dauka Bermeok. Eta gaur egun ere herri erreferente bat da arrantzan, arrain konserbagintzan eta batez ere, atunaren arrantzan”, esan du. 

Bere esanetan, “izan garena eta daukaguna baloratu behar dugu; orain arte egin dugun moduan, itsasoak eta geure arrantza ondareak ematen diguten aukerak aprobetxatzeko eta  errealitate berriei egokitzeko gaitasuna daukagula erakutsiko dugu”. “Lanpostu asko dagoz oraindik arrantzaren inguruan eta espero dut gehiago izatea eta zelan ez, baldintza duinetan”, nabarmendu du. 

Aurten Azokak ‘Arrainari gustua hartzen’ izenburua du eta umeen artean arrainaren kontsumoa bultzatzea da helburuetariko bat. Horrela,  besteak beste,  familian sukaldaritza zuzenean ekimena eta zentzumen tailerrak izango ditugu. Gure arrantza kultura ezagutzeko Pasaiako Albaola Itsas Kultur faktorian San Juan baleontzia eraikitzen ari diren arotzak, XVI. Mendean egiten zen moduan egituraren pieza bat eskuz lantzen ikusteko aukera ere egongo da. 

Horrez gain, Bidegurenek gogoratu duenez, “urtero moduan, jai giro izugarrian, gure kontserberen produktuak dastatu, ezagutu eta erosi ahal izango ditugu, aurten gainera kontserben produktuen loteak eskuragarri egongo dira, eta hitzaldi, itsas ibilaldiak, erakusketak, eta hainbat tailerren bitartez arrantzaren mundua ezagutu ahal izango dugu adin guztietako pertsonek”. “Arrantza eta itsas mundua hurbiletik gozatzeko eta ezagutzeko aukerak paregabeak baitira gure Arrain azokan”, adierazi du.  

Hegaluze Saria 

Inaugurazio ekitaldia egin baino lehen ,  XIX. Hegaluze Saria eman da. Aurten 125 urte betetzen dituen Serrats kontserba enpresak jaso du sari hau eta honekin “bere lana eta ibilbidea eta denbora berrietara egokitzeko izan duen gaitasuna” aitortu nahi izan diote.  

Arrain azoka elkarteak adierazi duenez, Serrats enpresak Bermeoko produktuak “leku askotan zabaldu ditu, Bermeoko herriaren izena zabalduz kalitatezko produktuekin”. “Arrain Azoka elkartearentzat pozgarria da Bermeoko Arrain azokaren barne herriko enpresak errekonozitzea, hau delako Arrain Azokaren helburuetariko bat, gure kontserba industriaren ahaleginak eta ondo egindako lana aitortzea eta ezagutaraztea”, adierazi du.  

XXI. Arrain Azokako 20 erakustokiak gaur goizeko 11:00etan ireki dira eta  hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosteko, jai giroaz gozatzeko eta programa zabal batekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeon. 

Idurre Bidegurenek pertsona guztiak gonbidatu ditu Bermeoko Arrain Azoka bisitatzera. “Gure produktuak, enpresak, arrantza kultura eta herria ezagutzeko eta, aldi berean, jai giroaz disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du Bermeok gaurtik eta igandera arte”, nabarmendu du. 

15 / 05 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0