Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak igogailua jarriko du Atalde eta Bizkai Buru kaleen artean irisgarritasuna hobetzeko

Bermeon, 2022ko ekainaren 6an.-  Bermeoko Udalak inbertsio garrantzitsua egingo du Atalde eta Bizkai Buru kaleen artean inguru horretako irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Izan ere, 662.117,95 euro bideratuko dira bertan igogailu bat jartzeko. Zerbitzu berri honen helburua izango da bertan dauden oztopo arkitektonikoak gainditzea, herritarren mobilitatea nabarmen hobetuz. Gainera, Udala ikerketa bat egiten dabil Itxasbegi auzoan beste igogailu bat jartzeko.

“Zerbitzu berri honek nabarmen hobetuko du bertan bizi diren herritarren eta ikastetxeko patiorako eta haur eskolarako irisgarritasuna. Helburua ez da inguru horretan pertsonen garraio masiborako elementuak edukitzea, baizik eta inguruan bizi diren pertsonen mobilitatea erraztea. Igogailuak bermeotarren bizi kalitatea nabarmen hobetuko du. Gure helburu estrategikoetako bat da herriko gune ezberdinetan mugikortasuna hobetzea eta helburu hori lortzeko pausuak ematen jarraituko dugu. Besteak beste, aukera ezberdinak begiratzen gaude Itxasbegi auzoan ere antzeko zerbitzu bat jartzeko”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Kabinaren edukiera 13 lagunekoa izango da metro bat igoko da segundo bakoitzeko. Igogailua bera bertikala izango da eta dauden eskailerak berreraikiko dira. Igogailuak egitura metalikoa du, beira ijeztuz estalia, gortina-horma homologatuko sistemaren bidez sostengatua, eta alboetan aluminiozko xaflazko konposite-panelak izango ditu. Irtenbide horri esker, kabina kanpotik ikus daiteke, eta pribatutasun handiagoa ematen zaie aldameneko etxebizitzei eta ikastetxeari.

4 geraleku

Proiektatutako igogailuak 4 geraleku izango ditu. Beheko geldialdia +30,50 m-ko kotan dago, eta bigarren geltokia + 32,75 m-ko kotan, haurreskola dagoen San Frantzisko Ikastetxe Publikoaren goiko aldera iristeko. Hirugarren geralekua + 35,32 m-ko kotan dago, ikastetxearen sarreretako baten maila berean (jarduera-eremuaren eskuinaldekoa), eta, azkenik, goiko geltokia +38,65 m-ko kotan dago, Bizkai Buru kalearekin komunikatzen duena. Azken bi geralekuetan pasarela bi eraiki beharko dira egungo urbanizaziora iristeko.

Esan bezala, inbertsio honen helburua da aipatutako kaleen arteko lotura erraztea. Lanak hasten direnetik bederatzi hilabeteko epean eginda egotea aurreikusten da

06 / 06 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0