Albistea
Bermeoko ikastetxeetako 161 ikaslek parte hartuko dute eguenean, maiatzaren 26an, Kafe Antzokian egingo den lehenengo bertso topaketan arratsaldeko 17:30etik aurrera. Bertso topaketa hau ‘Gu ere bertsotan’ proiektuan parte hartzen ari diren Eleizalde ikastolako, San Frantzisko Herri ikastetxeko eta Sagrado Corazón ikastetxeko ikasleen amaierako jaialdia da.
Juan Karlos Agirrek, Gazteria Saileko Bermeoko zinegotziak, azaldu duenez, jaialdi honetan 161 bertsolaritza ikasleek ikasturtean zehar ikasgelan landutakoa erakusteko aukera izango dute ikuskizun polit batean, izan ere, bertso saioa eta kantaldia eskainiko dute, karaoke estiloan, gitarrarekin lagunduta.
“Hortaz, bertso topaketaren gidoiak hiru osagai nagusi izango ditu: bertsolaritza ikasleen parte hartze zuzena, bertso saioa eta kantaldia, non ikasleek musikariaren laguntzaz abestuko duten, hain zuzen ere”, azpimarratu du.
Ander Elortegi eta Eneko Arrate bertsolaritzako irakasleak aurkeztutako saio honetan Asier Galarza eta Koldo Gezuraga bertsolariek eta Lorea Zulaika musikariak parte hartuko dute. “Giro polita izango dugu gure herriko ikasleek eskainiko duten bertso topaketan”, nabarmendu du Agirrek.
'Gu ere bertsotan' egitasmoa
Hirugarren urtez jarraian, ‘Gu ere Bertsotan’ egitasmoa burutu da 2015/16 ikasturtean Bermeoko ikastetxeetan. Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako egitasmoa da ‘Gu ere Bertsotan’, eta Bizkaiko Bertsozale elkartearen eskutik, lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako 161 ikaslek bertsolaritza landu dabe ikasgeletan. Derrigorrezko Bigarren Heziketan, gainera, bat bateko talde bat egon da martxan, Eleizalde ikastolan.
Ahozkotasunetik abiatuz, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak landu dituzte ikasleek ‘Gu ere Bertsotan’ proiektuaren bitartez. Astero edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza jaso dute ikasleek, urtean zehar egiten diren jaialdietarako bertsoak prestatu eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu landu dute bertsolaritza klaseetan. Material osagarria, bertso jolas, ariketa, entzunaldi, bertso bideo eta ikus entzunezko baliabideez osotu da egitasmoa.
010 (94 617 91 00)