Albisteak

Albistea

Abian da Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia Lehiaketa

-Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu

Bermeon, 2021eko urriaren 6an.- Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrieta biltzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia Lehiaketa abian jarri dute, zortzigarren urtez jarraian. Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko zazpi edizioak kontuan hartuta, guztira ia 140 enpresa ideia eta enpresa aurkeztu dira.

Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen ‘Lana bilatzea, Lana’ da programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren edizio berri honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.

Busturialdeko VIII. Enpresa Ideia lehiaketaren helburuak, besteak beste, Busturialdean kultura ekintzailea sustatzea, komertzialki bideragarriak diren zerbitzu eta produktuak garatze aldera; eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea eta Busturialdeko ekonomiaren garapena bultzatzea eta sustatzea dira.

Aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte-taldeek parte hartu ahal dute, betiere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Zerbitzu edo produktu bat sortzeko ideiak edota 2021. urtean sortutako negozioak/enpresak izan daitezke, baina derrigorrez Busturialdean egon beharko dira, eta sustatzaileak/ek arestian adierazitako adin-betekizuna bete beharko du(te).

Epaimahaiak jarraian adierazitako irizpideak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuetan:

  1. Ideiaren originaltasuna eta berrikuntza maila: balio erantsia edukitzea edota originala izatea.
  2. Talde edo norbanako ekintzaileak proiektua garatzeko dituen gaitasunak.
  3. Enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea.
  4. Negozioaren potentziala, garapen maila eta Busturialdean gauzatzeko bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.
  5. Eskura dauden baliabideen aprobetxamendua, jasangarritasuna eta proiektuaren gizarte-erantzukizuna.
  6. Gizarte-eragina.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek heldu den azaroaren 19ko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa abenduan izango da.

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu. Gainera, lehen eta bigarren sarituei, urtebetez doako usufruktuan lan egiteko lanpostu bat utziko zaie Arratzu Elkartegia Langunean. Halaber, Torrealday Aholkularitzak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.

Aurten, gainera, hiru sari horietatik aparte, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa-ideia onena ere sarituko da. Izan ere, Urdaibai Euskadiko lehen turismo-helmuga iraunkorra izatea lortu du. Horrek 1.000 euroko saria eramango du, betiere aurreko sarietako baten bat jaso ez badu.

Epaimahaiaren iritziz ideiek ez badute gutxieneko kalitate eta originaltasun mailarik, sariak (bat, batzuk edo guztiak) eman gabe gera daitezke.

Izen-emate orriak Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan jaso ahal dira edo Ekintzailetza – Gaztedi Busturialdea webgunean deskargatu. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, 2021eko azaroaren 19ko 14:00ak baino lehenago.

2020ko ideia irabazleak

Joan den urtean, ArrAIn izeneko ideiak eraman zuen lehen saria, proiekzio konputazionalean, adimen artifizialean eta Big Datan oinarritutako sistema. Ibon Reinoso (Bermeo, 1994), Eneko Gonzalez de Audikana (Etxebarri, 1996) eta Mikel Amutio (Etxebarri, 1996) izan ziren ideiaren hiru sustatzaileak.

Bigarren saria ‘N’ Espacio para eventos y alojamiento rural izeneko enpresa ideiarentzat izan zan. Ekitaldietarako eta landa-ostaturako gunea da ‘N’, Gernika-Lumoko Cid Foruria neba-arreben eskutik, Yaiza (Gernika-Lumo, 1986), Ania (Gernika-Lumo, 1990) eta Aser (Gernika-Lumo, 1999).

06 / 10 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0