Albisteak

Albistea

Bermeoko Arrain Azokaren 25. urteurrena ospatzeko topaketan bere ibilbidea gogoratu eta egindako lana balioan jarri da

 

Bermeoko Arrain Azokak aurten 25 urte beteko ditu eta hori ospatzeko atzo topaketa bat egin zen. Bertan urte horietan guztietan Arrain Azokaren antolakuntzan inplikazioa izan duten herritar, elkarte, erakunde edota enpresek parte hartu zuten eta azokaren ibilbidea gogoratu zen, egindako lana balioan jarri zen eta etorkizunari buruz hitz egin zen. Arrain Azokaren antolakuntzan parte hartu duten guztiei eskerrak emateko ekitaldia ere izan zen atzokoa.

Lehenik eta behin, urte horietako ibilbidea modu original batean laburtzen duen arrain azokako bideoa ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek eta, ondoren, Bermeoko Kasinoan, Ramon Basaldua kazetari bermeotarrak aurkeztutako ekitaldian, Bego Gangoitik, Arrain Azokaren sustatzaile eta Bermeoko Turismo arduradunak, Enrique Bediaga Arrain Azokaren antolakuntzan lehenengo urteetatik parte hartu zuenak eta Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, parte hartu zuten.

Ekitaldian Izaro abesbatzaren soinuekin gozatzeko aukera izan zuten bertaratutako guztiek. Gainera, Izaro abesbatzak, Arrain Azokak bezala, 25 urte betetzen ditu aurten. Bego Gangoitik Arrain Azoka zelan hasi zen eta 25 urte hauetan zelan eboluzionatu duen azaldu du. Arrain Azokan inplikatu diren guztiei eskerrak eman ondoren, arrain azokak ziklo berri bat hasten duela adierazi du, “lidergo eta erronka berriei aurre eginez”. “Hor daukagu Bermeo Tuna World Capital’ proiektua eta azoka eragile berrietara moldatu behar da”, azpimarratu du.

Enrique Bediagak ere azokaren hasiera gogoratu du. Bere esanetan, “enpresak bere produktuak erakusteko, saltzeko eta balioan jartzeko oso egokia zen azoka eta horrela ikusten zuten guztiek, baina Bediagarentzat askoz gehiago zen: “Arrain Azokak Bermeoren ateak zabaltzeko balio izan zuen, Bermeo ezagutarazteko eta pertsona guztiei Bermeorekin maitemintzeko aukera emateko aukera eman zuen, Bermeorekin maitemintzea oso erraza delako”. Momentu honetan Bermeo Tuna World Capital proiektuak duen garrantzia azpimarratu du, izan ere, bere ustez, “erronka bat da eta proiektu estrategikoa”, “zalantza barik Bermeo atunaren hiriburua baita”.

Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, Bego Gangoitik arrain azokaren alde egindako lan izugarria goraipatu du. “Bego Gangoitik eta bere taldeak euren ume txiki bat moduan hazi dute azoka hau. Eta maitasun istorio polit bat dagoela esango nuke azoka eta pertsona horien artean. Maite duguna bakarrik zaintzen dakigu eta Bego eta bere taldekideek oso ondo zaindu dute Bermeoko Arrain azoka. Eskerrik asko bihotz bihotzez. Zuon lanari esker arrain azokaz gozatzeko aukera izan dugulako”, adierazi du.

Orain, azpimarratu duenez, “etorkizuneko erronkei ilusioz heldu behar diegu”. “Bermeok ondare garrantzitsua dauka munduari zabaltzeko. Ondare kulturala, historikoa, gastronomikoa, enpresariala zein teknologikoa. Eta honek aukera bikainak ematen digu ekimen eta harreman berriak eraikitzeko”, adierazi du.

Era horretan, esan duenez, “Bermeok ondo daki, momentu txarretan be, danon arteko batasunetik aurre egin diogula datorrenari”. “Elkartasuna gure ADNan dago eta iraunkortasuna ere bai. Gure enpresak, gure paisaiak, gure ingurumenak, gure kulturak eta gure hizkuntzak urte askotan iraungo du, danon artean jositako eta kresalez bustitako sare honi esker. Izan zirelako gara eta garelako izango gara”, azpimarratu du.

 

 

03 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0