Albisteak

Albistea

Gastronomiak eta euskarak bat egingo dute Arrain Azokako pintxo txapelketetan

  • Tabernen arteko pintxo txapelketan 11 taberna ariko dira lehian; pintxoak apirilaren 11n aurkeztuko dituzte udal azokan, eta Aste Santuan egongo da horiek dastatzeko aukera.
  • Lagunarteko pintxo txapelketa ere antolatu da. Apirilaren 22a baino lehen eman beharko da izena, eta apirilaren 24 izango da sailkapen proba.

Arrain Azoka Elkarteak Bermeoko gastronomia eta kultura uztartuko dituen ekimen berezia prestatu du: Tabernen arteko eta Lagunarteko pintxo Txapelketak. Modu horretara, herritarrek zein profesionalek izango dute txapelketetan parte hartzeko aukera. Bata zein bestean, arrainaren zapore paregabea eta euskararen indarra izango dira protagonista.

11 tabernek eman dute izena Tabernen arteko pintxo txapelketan parte hartzeko: Batun Batun, Talako kantina, Kai Alde, Joshe Mari, Bermeoko Kafe Antzokia, Toki Alai, Andeko, Artza, Akelarre, Eguzki eta Beti Ondo.

Taberna parte-hartzaileek apirilaren 11n (barikua), 18:00etan, udal azokan aurkeztu beharko dituzte lehiara aurkeztuko duten pintxoa. Baina benetako erronka apirilaren 12tik 27ra izango dute, herritarrek pintxoak dastatu eta euren botoa eman ahal izango baitute. Tarte horretan, taberna parte-hartzaileetan pintxoak eskuragarri egongo dira 12:00etatik 14:00etara. Herritarrek pintxoak probatu eta beren botoa eman ahal izango dute, pintxo irabazlea aukeratzen lagunduz. QR kode bitartez eman ahalko da botoa edo esteka honetan: https://labur.eus/tswiv7sj

Hala eta guztiz ere, herritarren bozkak eta epaimahai profesionalaren ebaluazioa uztartuko dira pintxo finalistak aukeratzeko orduan, eta finalera igaroko diren pintxoak apirilaren 29an iragarriko dira.

Zaletuentzako aukera

Horrez gain, edozein zaleturi ateak zabaldu asmoz, lagunarteko pintxo txapelketa ere antolatu da. Parte hartzeko, 18 urtetik gorakoa izatea besterik ez da behar eta sukaldari profesionala ez izatea. Bakarka edo taldeka eman daiteke izena: lagunak, kuadrillak, txokoak... Izena emateko azken eguna apirilaren 22a (martitzena) izango da, Turismo Bulegoan (turismoa@bermeo.eus/ 94-617 91 54).

Txapelketako lehenengo proba apirilaren 24an (eguena) izango da, udal azokan, 18:00etan. Bertan parte-hartzaileek gasezko su txikiak izango dituzte eskuragarri pintxoak prestatzeko. Baina badago arau garrantzitsu bat: pintxoaren osagai nagusia arraina izan beharko da, edozein modalitatetan.

Epaimahai profesional batek pintxo guztiak dastatuko ditu eta maiatzaren 16ko finalera igaroko diren hiru onenak hautatuko ditu.

Bi finalak batera

Azken borroka gastronomikoa, bai tabernen artekoa eta baita ere lagunartekoa, Arrain Azokako barikuan, maiatzaren 16an, 18:00etan izango da. Bertan, erabakiko dira zeintzuk diren bi txapelketetako pintxorik onenak.

XXXI. Arrain Azokak Euskaraldiarekin bat egingo du, eta Arrain Azokako egitarau osoa euskaraz izatea da helburua. Horregatik, pintxoen aurkezpenak ere euskaraz egin beharko dira; hala ere, horretarako gaitasunik ez dutenek itzulpen zerbitzua izango dute eskuragarri, aurkezpena bideratzeko.


Beraz, giro paregabean, euskaraz eta gastronomiaz gozatzeko aukera ezin hobea dugu aurretik.

Herritar guztiei dei egiten diegu parte hartzera, pintxoak dastatzera, bozkatzera eta sukaldean trebetasunak erakustera!

Arrain Azokako pintxo txapelketako informazio gehiago eta oinarriak Turismo Bulegoan eska daitezke.

28 / 03 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0