Albisteak

Albistea

Lantzeko inauteriak, umeentzako erromeria, txapelketak, kalejirak, 'Ezkontza Handidxe' eta '80's party', besteak beste, Aratusteetan Bermeon

Adin guztietako herritarrek Aratusteetan gozatzeko aukera izango dute Bermeon martxoaren 1etik 10era

 

 

Asteon Aratusteak izango dira, eta gure herria berriro ere kolorez eta mozorroz beteko da jai hauek ospatzeko. Aurten Aratusteetako ekimenak martxoaren 1ean, barikuan, hasiko dira Bermeon, eta martxoaren 10era arte jarduera ezberdinak izango ditugu. Umeentzako erromeria, Lantzeko inauteriak, tabernen mozorro txapelketa, tostada txapelketa, kalejirak, ‘Ezkontza handidxe’ ekimena, Portuan jaia eta ‘80’s Party’, besteak beste, izango ditugu egun hauetan. 

Guztiok, txikiak zein nagusiak, izango dugu Aratusteetan gozatzeko aukera”, adierazi du Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak Aratusteak aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Astuirekin batera egon dira Aratusteetan ekimenak antolatzen dituzten taldeetako ordezkariak: Maribi Larrinaga, Haitz Nagusijje taldeko ordezkaria; Asier Urrutia eta Egoitz Barrena, Alkartasuna Dantza Taldeko ordezkariak, Unai Moreno, Txosna Batzordeko kidea; ‘Erroxape’ emakumeen elkarteko ordezkariek, Demiku Jubilatuen elkarteko kideak, Portuko Sorginak elkartekoak eta Iñigo Acha, ‘80’s Party’ antolatzen duen Spookypheria Productions Taldeko kidea. 

Aratusteetako egitarauari dagokionez, martxoaren 1ean, barikuan, hasiko da Xilipurdi taldeak eskainiko duen ‘Gaur jaia’ umeentzako erromeriarekin, Bermeoko Kafe Antzokian arratsaldeko 18:00etan. “Umeek mozorrotuta dantza egiteko eta gozatzeko aukera izango dute ikuskizun polit honetan”, adierazi du Astuik, eta umeei mozorrotuta etortzeko deia egin die. Sarrera lau eurokoa izango da eta salgai dago Gizarte eta Kultura etxean, BBK-ko orotarako kutxazainetan eta wwww.kutxabank.es web gunean. 

Egun bat beranduago, martxoaren 2an, zapatuan, Alkartasuna Dantza taldeak eta Bermeotarrak Fanfarreak antolatuta, Lantzeko inauteriak ospatuko dira 12:30etik aurrera herriko kaleak kolorez, dantzaz eta musikaz betez. Ibilbidea hauxe izango da: Kultura Etxetik irtenda, Sancti Spiritus Zaharren egoitza, Goiko plaza, Nardiz tar Jon, Arresi kalea, Taraska, Lamera, portuzarra eta azken ekitaldia Lameran izango da, eta hemen Miel Otxin erreko da. Herritar guztiak gonbidatuta daude Lantzeko inauterietan parte hartzera eta guztiok batera ekimen polit honetan gozatzera. 

Coro Rociero Maikak ere egun horretan, martxoaren 2an, 11:00ak aldera, Bermeoko Sancti Spiritus udal zaharren egoitzan dantza eta abestu egingo du eta, ondoren, Bermeoko kaleak alaituko ditu kalejiran. 

Martxoaren 3an, domekan, ohitura den moduan, musikarekin eta tostada txapelketarekin giro polita izango dugu Goiko plazan; izan ere, Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatuta, tostada txapelketa egingo da Kabidxe gunean.  12:00etan herriko hainbat sukaldarik zuzenean prestatuko dituzte tostadak. Lehiaketako tostadak eguerdiko 12:00etatik 12:30era aurkeztu beharko dira, eta 13:30ean sari banaketa izango da. Gainera, Goiko plazan bigarren eskuko merkatu txikiarekin giro polita sortuko du. “Animatu eta parte hartu!”, deia egin du Astuik. 

Martxoaren 4an, astelehenean, Demiku Jubilatuen elkartearen lokalean 18:00etan mozorro eta tostada txapelketa ospatuko da, eta ekimen horrek lagun artean giro onean Aratusteekin gozatzeko aukera izugarria eskainiko du. 

Martxoak 5, Aratuste martitzena 

Martxoaren 5ean, Aratuste martitzena, ospatuko da Bermeon. Aurten 11:00etan emango zaio hasiera ekimenei; izan ere, ordu horretatik aurrera herriko hiru ikastetxetako umeek mozorrotuta kalejirak egingo dituzte Bermeoko kaleetan zehar, herrian giro polita eta koloretsua sortuz. 12:00etan Erreten Lameratik hasita Erroxapeko martxako emakumeek Bermeoko kaleak alaituko dituzte euren musika eta mozorroekin. 

Aratuste martitzenean Tabernen XVIII. Mozorro Txapelketa ospatuko da. Epaimahaiak, Jai Batzordeko kideek eta Udaleko ordezkariek osatutakoa, taberna parte-hartzaile guztiak bisitatuko dituzte eta erabakia martitzen eguerdian jakinaraziko zaie irabazleei. 

Horrez gain, irabazleak Udaleko webgunean eta sare sozialen bidez ezagutzera emango dira.  Izena emateko epea martxoaren 4ra arte izango da Kultur etxean, 946179157 telefono zenbakian edo kultura@bermeo.eus helbide elektronikoan. “Taberna guztiak lehiaketan parte hartzera animatzen ditugu; izan ere, herria girotzeko garrantzitsua da tabernak ere apainduta egotea”, adierazi du Astuik. 

Bestalde, Aratuste giroan murgiltzeko Aratuste martitzenean fanfarrearekin kalejirak herriko kaleak alaituko ditu bere soinuekin eguerdiko 12:30etik aurrera, eta arratsaldean, denok izango dugu kantsa arte dantza egiteko aukera 16:00etatik 20:00etara Lameran egongo den FM dantzaldian”, azaldu du Kultura zinegotziak.   

Martxoak 9 

Baina Aratusteak ez dira bukatuko; izan ere, martxoaren 9an, zapatuan, jai hauek ospatzen jarraituko dugu, ‘Ezkontza Handixe’ ekimenarekin, Portuan jaiarekin eta ‘80’s Party’ jaialdiarekin. 

Txosna batzordeak antolatuta, 11:00etan hasiko da ‘Ezkontza Handidxe’ ekimena. Hiltegi zaharretik ‘aldianak eta aldianuek’ eta Portu Zaharretik, aldiz, itsasokuek, kalejiran etorriko dira batukada eta trikitixeagaz girotuta. Topalekua San Migeleko eskilaratan izango da 13:00etan eta bertatik Goiko plazara igoko dira gonbidatu herritar guztiekin. 13:30ean Kabidxen pintxoak eta edaria dastatzeko aukera izango dute gonbidatu herritar guztiek. 

14:00etan Aldeanuen eta itsasokuen arteko ezkontza herri antzerkia izango da eta 14:15ean desafioaren txanda. 15:30ean Txistu talde batekin kalejira danok batera herri bazkarira joateko Artza frontoian. 

17:00etatik 18:00etara bertso saio irekia Jon Uria eta Ander Elortegi bertsolariekin, gaia harremanak izango da. 19:00etan rap jam saioa mikro irekiarekin: Gatom, Drew, Herbalist, Denso, Akaba eta Deaf Man DJ-idxen basiekaz. Ondoren, jaiak aurrera jarraituko du erromeriarekin.   

Era berean, Portuko Sorgiñe Kultur elkarteak antolatuta, Portuan Aratuste 80 jaiarekin gozatzeko aukera izango dugu, 20:00etatik 22:00etara elektrotxarangak Portua alaituko du eta 200 euroko zozketa batean parte hartzeko txartelak banatuko dira edari bakoitzarekin. 

Horrez gain, gaueko 21:30etik aurrera Bermeoko Kafe Antzokian '80's Party' jaialdia egingo da. Spookypheria Productions Taldeak antolatutako jaialdiaren edizio honetan be 80. hamarkadako doinuak izango dira nagusi.  

‘Unholy Covers & Friends’ 80. Hamarkadako kantu ezagunen moldaketak taularatuko dituzte eta, ondoren, DC Dataren sesioa izango da. Horretan be, 80. hamarkadako abestiak eta soinuak nagusituko dira. Sarrerak salgai daude honezkero Luma liburu-dendan eta Bermeoko Kafe Antzokian; aurretiaz erosita 7 euro dira eta 8 euro egun berdinean leihatilan.  Jaialdira 80. hamarkada gaia hartuta mozorrotuta joateko deia luzatu dute antolatzaileek; izan ere, “80. Hamarkadara bueltatzeko aukera izugarria eskaintzen du jai honek”. 

Bestalde, domekan, martxoaren 10ean, Salsa Cubanak antolatuta, Aratuste salsa jaia izango da batzokian 18:00etatik 22:00etara. Sarrera doan izango da eta mozorro onenentzako sariak egongo dira.   

 “Hortaz, jai-giroa ez da faltako Aratusteetan Bermeon. Horrela bermeotarrak mozorroa hartu eta ekimenetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Espero dugu herritar guztiak, txikiak zein nagusiak, jai hauetan ondo pasatzea”, adierazi du Astuik.

  

 

 

 

 

26 / 02 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0