Albistea
Bermeoko Azokako Elkarteak, Berazelek, ‘Txiki-Txef’ lehiaketa antolatu du Bermeoko azokan, txef gazteak ezagutzeko eta plater gozoak prestatzeko lehiaketa, hain zuzen ere. Lehiaketa honetako parte hartzaileak 5 eta 12 urte bitarteko umeak izango dira eta parte hartu nahi dutenek uztailaren 4a baino lehenago eman behar dute izena hurrengo telefonoetara deituta: 615 710647 edo 650 613759.
Berazeleko kideek adierazi dutenez, “’Txiki-Txef’ lehiaketan irabazlea aukeratzeko epai-mahaian sukaldari profesional bat izango dugu”. ‘Txiki-Txef’ lehiaketa Bermeoko azokan egingo da bi egunetan, uztailaren 9an eta 16an (zapatuak), hain zuzen ere. Uztailaren 9an aurre selekzioa egingo da eta uztailaren 16an finala.
Uztailaren 9an, aurre selekzioa goizeko 10:00etan hasiko da. Berazel elkarteko kideek azaldu dutenez, “lehiaketan izena ematen duten lehenengo 50 gazteek parte hartuko dute eta finalera pasatuko diren hamar txef aukeratuko dira”.
Parte hartzaileek plater bat egin behar dute, eurek nahi duten platera, eta epaimahaiak aukeratuko ditu gehien gustatu zaizkion hamar platerak. Osagaiak etxetik ekarri beharko dira prestatuta (tuperretan) eta gero plazan platera elaboratu beharko da. “Esate baterako, oilo entsalada aurkeztu nahi badugu, etxetik ekarri beharko da oiloa prestatuta eta barazkiak zatituta eta gero plazan platera prestatu beharko da”, azaldu dute.
Finala uztailaren 16an izango da, goizeko 11:00etan. Berazel elkarteko kideek azaldu dutenez, “10 txiki-txef lehiatuko dira eta sukaldari profesionalek aukeratzen duten platera prestatu beharko dute eta lehenengo erosketak plazan egin beharko dira”. “Gogor lan egin beharko dute, denbora handirik ez dute izango eta”, ohartarazi dute.
Ildo honetan, adierazi dutenez, epaimahaiak irabazlea aukeratuko du plateraren originaltasuna eta zaporea kontuan hartuz. Sariei dagokienez, txef guztiek amantal bat eta diploma bat jasoko dute eta irabazleak txapel dotorea, kopa distiratsua eta sukaldeko tresna bikainak jasoko ditu.
Berazel-ek sukaldea gustuko duten 5 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxo guztiak gonbidatu ditu Txiki-Txef lehiaketan parte hartzera ondo pasatzeko aukera eskainiko duelako eta elikadura osasuntsua bultzatzeko era bat delako. Gainera ekimen hau Bermeoko bertoko kalitatezko produktuak eskaintzen dituen udal azoka indartzeko pausu berri bat da.
010 (94 617 91 00)