Albisteak

Albistea

Bermeoko Eskolarteko XIII. Olinpiada ekainaren 3an, zapatuan, Araneko kiroldegian

 


Bermeoko Eskolarteko XIII. Olinpiada egingo da ekainaren 3an, zapatuan, Araneko kiroldegian, 10:00etatik 12:00etara ‘Kirolari Ateak Zabalik’ jardunaldiaren barne. Ekimen hau Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte-Zahar Atletismo Taldeak antolatutako kirol ekintza da eta lehen hezkuntzako ikasle guztiei zuzenduta dago, hau da, sei eta hamabi urte bitartekoei.

Bermeoko Eskolarteko XIII. Olinpiadaren barne atletismoko proba ezberdinak egin ahal izango dira, hala nola,  pisu jaurtiketa, disko jaurtiketa, altuera jauziak eta luzera jauziak. Horiez gain, lasterketa ere egingo da.

Kirol horiek egiteko lau gune antolatuko dira. Lehenengo gunean jaurtiketak egingo dira, bigarren gunean umeek altuera jauziak egin ahal izango dituzte, eta hirugarrenean luzera jauziak egiteko aukera izango dute. Azkenez, laugarren gunean, lasterketa egingo da.

Ume bakoitzak bere ikastetxean eman behar du izena. Urtero ehun ume inguruk parte hartzen dute Bermeoko Eskolarteko olinpiadetan. Horrela, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte-Zahar Atletismo Taldeak 6 eta 12 urte bitarteko ume guztiak animatu dituzte Bermeoko Eskolarteko XIII. Olinpiadetan parte hartzera.

‘Kirolari Ateak Zabalik’

Bermeoko Eskolarteko XIII. Olinpiada ‘Kirolari Ateak Zabalik’ jardunaldiaren barne kokatzen da, ekainaren 3an eta 4an izango dena Bermeon. Horrela, herriko hainbat lekutan zenbait kirol jarduera egin ahal izango dira, eta herritar guztiek kirolarekin gozatzeko aukera izango dute. Ekainaren 3an, zapatuan, arte martzialen gunea egongo da Lamerako kioskoan 11:30etik 13:00etara.

Ekainaren 4an, domekan, jolasak eta eskubaloi partidak egongo dira 11:00etatik 13:00etara Zubiaur Tar Kepa 50eko enparantzan. Horrez gain, 12:00etatik 14:00etara dantzen gunea egongo da Lameran eta bertan line dance eta gimnasia erritmikoaren erakustaldiak egingo dira.

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol zinegotziak, adierazi duenez, ‘Kirolari ateak zabalik’ kirol jaia Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalarekin batera antolatzen du. Horrez gain, esan duenez, jardunaldi hori egitea posible da kirol taldeei esker eta, horregatik, Taraska Gazte-Zahar atletismo taldeari, Urdaibai eskubaloi taldeari, Karate taldeari eta Xixili Gimnastika taldeari eskerrak eman dizkie. Ildo berean, Sagrado Corazón ikastetxeari, San Frantzisko herri ikastetxeari eta Eleizalde ikastolari eskerrak eman dizkie ikasleei ekimen honen berri emateagatik.

“Jaiak jolas-izaera dauka eta herritar guztiek parte hartu ahal dute, izan ere, jarduerak parte-hartzaileen maila fisikoaren arabera egokituta daude”, adierazi du. “Kirola integratzeko eta hezteko tresna da, erreminta osasungarria eta pizgarria”, nabarmendu du.

 

30 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0