Albistea
Bermeoko Udalak eskatuta, UEMAk egindako ‘Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak’ ikerketaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte gaur Bermeon. Horretarako, prentsaurrekoa eskaini dute Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak, eta Maite Alvarezek Udaleko Euskara teknikariak.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, udalerri euskaldunetan euskararen gaitasunak eta erabilera sozialak azken urteotan izan duten bilakaera aztertzea beharrezkoa da, batez ere, bilakaera horretan beheranzko joera duten herrietan. “Kale neurketek eta azterlan soziolinguistikoek erakusten digute joera hori duten udalerrietako bat Bermeo dela”, adierazi dute.
Hori dela eta, Bidegurenek azaldu duenez, Bermeoko Udalak hala eskatuta, horren atzean egon daitezkeen arrazoiak edo faktoreak aztertu ditu UEMAk ikerketa honetan. “Bere helburua honakoa baita: Bermeoko euskararen erabileran eragiten duten faktoreak identifikatu eta goranzko joera eragiteko hizkuntza plangintzan zehaztu beharreko lehentasuna proposatzea”, nabarmendu du.
Ikerketa hau osatzeko lau bide erabili dira nagusiki: datuen bilketa, teknika kuantitatiboak (inkestak) eta teknika kualitatiboak (elkarrizketa sakonak eta talde eztabaidak).
Ikerketaren ondorio nagusiei dagokienez, faktore batzuk euskararen erabileraren garapenean eragiten dutela probatu da: kokapen geografikoaren eragina, bizilagunek inguruko udalerriekin dituzten harremanek hizkuntza hautuetan duten eragina eta biztanleriaren aldaketa demografikoa eta turismoaren hazkundearen eragina.
Dena dela, faktore horiez haragoko beste hainbatek ere erabileran eragiten duela probatu da: herriko erreferenteen pisua, herrian gailentzen diren balioak, hizkuntzaren estatusa eta idatzi gabeko arauen presentzia.
Esate baterako, kokapen geografikoaren kasuan, Ondarroa herri euskaldunez inguratuta egoteak nolabaiteko babesa ematen dio euskarari, inguruko herriekin dituzten harremanak euskaraz izatea bermatuta baitago. Bermeok, aldiz, eremu erdalduna gertuago du, eta hara joateko joera handiagoa dute, Bilbo Handira, batez ere. Bermeon, inguruko herrietara ateratzen direnean lanera, aisiaz gozatzera eta abar, harremanak gaztelaniaz izaten dira gehienetan, eta horrek eragina du euskararen erabileran.
Proposamenak
Alvarezek adierazi duenez, azterlan honek klabeak ematen dizkigu “gure errealitatea hobeto ulertzeko, eta, horrek, duda barik, etorkizunean landu beharreko lan ildoak zehazten lagunduko digu”. Ildo horretan, azterlanak berak hainbat proposamen mahai gaineratzen ditu, Bermeoko Udala hizkuntza politikan egiten ari den lanarekin bat datozenak. Proposamen nagusiak honako hauek dira:
· Euskaltzaleak bildu eta trinkotzea.
· Politika publiko guztietan euskara erdigunean jartzea.
· Herriko talde eragileen artean (kultura, kirola eta aisialdi arlokoak, gazte taldeak eta herri mugimenduak) euskararen erabilera indartzea eta sustatzea.
· Euskararentzat positiboak izango diren gazte talde erreferenteak indartzea.
· Gazteentzat eredu izan daitezkeen pertsonekin edota talde erreferenteekin lana egitea. Kirola aipatu da gune estrategiko moduan, futbola, batez ere.
· Euskal identitatearen transmisioa indartzeko, haurren sozializazioan eragiten duten agente guztiak inplikatzea.
· Herri hizkerari balioa ematea ere lehentasunezko neurrietako bat da.
· Motibatuta dagoen herritar taldea indartzea eta prestigioa ematea garrantzitsua izango da.
Hortaz, proposamen horiek guztiak kontuan hartu behar direla adierazi dute Bermeoko udal ordezkariek. Adibide bezala, Bermeon ‘Geuk eus’ euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpainaren barne, uda honetan Bermeoko herriko musika taldeetako 15 musikari gaztek euskaraz dantzatzeko eta abesteko ‘Minen puntiegaz’ abestia sortu zuten. Kanta horrekin bermeotar gazte sortzaileen lana argira eman zen, eta, euskara era naturalean erabiltzeko aukera eman du; izan ere, abesti horrekin denok dantza eta abestu dugu jaietan. “Bidea hortik joan behar dela uste dugu”, esan dute.
Bidegurenek eta Alvarezek adierazi dutenez, “Udalak, erakunde moduan, euskarari dagokionez, gizarte erantzukizunez jokatu gura du eta berari dagokio politika publiko guztien erdigunean jartzea euskara”. Aldi berean, “ezinbestekotzat” jo dute “gizarteko eragile guztiek (sozialek, kulturalek, kirol mundukoek…) eta norbanako guztiek ere, bakoitzak bere alorrean, egoeraz jabetu eta gizarte erantzukizunez jokatzea”.
“Euskararen beheranzko joerari buelta emateko gizarte mailako erantzukizuna, inplikazioa eta mugimendua beharrezkoak dira, euskararen aldeko giro soziala sortzea da erronka, alegia”, nabarmendu dute. “Bermeoko herri osoaren inplikazioa beharrezkoa da, eta guztion artean lortu dezakegu”, azpimarratu dute.
Horretarako, euren esanetan, hain zuzen, “aukera ezin hobea izango da datozen hilabeteetan, 2018an Euskal Herriko herri ugaritan batera landuko dugun ‘Euskarak 365 egun’ egitasmoarekin, olatu handi bat eragin gura delako euskararen erabilerari era aktiboan indarra emateko, herritarren inplikazioagaz”.
Azkenez, adierazi dutenez, “UEMAk egindako azterlan hau lagungarri izango zaigu, egoera ulertzeko gako garrantzitsuak argitzen dituelako eta aurrera begirako lanak planifikatzeko tresna erabilgarri delako”.
010 (94 617 91 00)