Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Eingule? egitasmoaren lehiaketa abiarazi du aurten ere

-Azaroaren 20tik 30era, herritarrek lehiaketa (online) berri batetan parte hartzeko aukera izango dute egunero.

-Udalaren helburua Bermeoko euskarari indarra eta prestigioa eman, eta sustraiak eta identitatea balioan jartzea dira

Bermeon, 2023ko azaroaren 14ean.- Bermeoko hizkera, identitatea eta kultura zabaltzea  helburu duen Eingule? egitasmo berria martxan da. Herritarrei nortasuna ematen dion hizkerak, eguneroko bizitzarako duen baliagarritasuna agerian utzi nahi du Udalak. Lanketa jolasaren bidez, erabilerarako motibazioa sustatu nahi da eta Bermeoko berbekin jolasean aritzeko gonbidapena egin nahi zaie herritarrei.

“Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du eta gurea indartzera gatoz. Hori da ekimen honen helburua. Seguru gaude aurten ere pozik hartuko den ekimena izango dela, eta ahalik eta jende gehienak parte hartzea da gure helburua”, adierazi du Bermeoko Euskara zinegotzi Iker Bilbao San Nikolasek.

Eguneroko lehiaketa azaroaren 20tik 30era burutuko da. Azaroaren 20tik aurrera, 9 egunean zehar, egunero galdera sorta berri bat kaleratuko da. Galdera sorta bakoitza eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunearen bidez, sare sozialen bidez eta WhatsApp bidez zabalduko da, eta bide horietako edozeinetan egunean-egunean agertuko den estekan sartuta izango dute herritarrek lehiaketan parte hartzeko aukera. Eguneroko lehiaketan puntu gehien lortzen duten hirurak izango dira irabazleak.

Ekimenari amaiera emateko, abenduaren 1ean, lehiaketa herrikoia egingo da, eta herritar oro gonbidatuko da bertan parte hartzera. Parte hartzaileek banaka zein taldeka jolasteko aukera izango dute eta puntuaziorik onena lortzen duten hiru irabazleek saria edukiko dute.

Lehiaketa biak online izango dira, baina lehiaketa herrikoian parte hartzeko, abenduaren 1ean Lameran jarriko den karpara hurreratu beharko dira interesdunak.

Lehiaketa herrikoia iluntzeko 19:00etatik 20:00etara izango da, eta lehiaketa hasi baino lehen, Motx pailazoaren ikuskizunak gunea girotuko du. Gainera, photocall-a ere jarriko da nahi duenak bertan argazkiak atera ditzan.

Sari guztiak lehiaketa herrikoia amaitu eta jarraian banatuko dira. Bermeoko hainbat establezimendutan erabiltzeko erosketa txartelak izango dira: 150€-ko sariak irabazleentzat, 100€-koa 2. sailkatzen direnenentzat eta 50€-koa 3. sailkatzen direnentzat bai lehiaketa batean, zein bestean.

Horrez gain, Bermeoko berbak aitzakiatzat hartuta, kale elkarrizketak egin zaizkie Bermeoko adin tarte desberdinetako biztanleei, adin guztietako herritarren partaidetza sustatzeko asmoz, eta Bermeoko euskararen bizindarra, aberastasuna, gozotasuna eta berezitasuna islatzeko.

Ikastetxeetako lanketa eta Tokiko eragileak aktibatzen

Iaz bezala, ekimena geletara eraman nahi izan da eta horretarako, herriko ikastetxeei lanketa egitea proposatu zaie. Horretarako, eduki zehatzak landu dira: Berbak eta esaerak; Euskara; Kultura eta sortzaileak; Toponimia, Geografia eta natura; Eraikinak eta eskulturak; Kirola; Arrantza eta itsasoa; eta Ohiturak eta sinesmenak.

Irakasleek txoko bat edukiko dute eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunean, bakoitzak modu autonomoan egingo duen lanketa gidatzeko eta errazteko. Gainera, ekimenaren helburu zehatzarekin bat etorriz, tokiko eragileak sustatu nahi dira, hori horrela, sariak Bermeoko merkatari, ostalari eta negozioetan gastatzeko bonoak izango dira.

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzen dela kontuan izanda, Bermeoko Udalak Eingule lehiaketa data horren inguruan bukatzea erabaki du, bi ekimenen arteko jarraipen eta lotura nabarmenduz.

14 / 11 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0