Albisteak

Albistea

Zinegoak jaialdian aurten estreinatutako hainbat film Bermeon eskainiko dira martxoaren 12an eta 17an, ‘Zinegoak hedapena’ zikloari esker

Otsailaren 24tik martxoaren 8ra burutu da Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 17. edizioa, eta laugarren urtez, Bermeon ikusteko aukera izango dugu martxoaren 12an eta 17an Zinegoak Hedapena zikloari esker. Horrela, martxoaren 12an zinemaldian estreinatutako film-laburren hautaketa bat ikusteko aukera egongo da, eta martxoaren 17an ‘Port Authority’ pelikula ikusi ahal izango dugu. Emanaldi biak Nestor Basterretxea aretoan izango dira, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da.

Zinegoak Hedapenaren helburua da Bilboko jaialdian aurkeztutako lanak Euskadiko udalerrietara zabaltzea eta aniztasunari eta kulturari lotutako ekintzak eskaintzea, aipatutako jaialdiak batzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxatuz. Aurten, Euskal Herriko 60 udalerritara helduko da Hedapena eta horien artean, Bermeo izango da zine zikloaren geralekuetako bat, laugarren aldiz.

17. edizioaren helburua sexu-orientazioaren gaia baino harago joatea izan da, sexu-identitatearen arloan gehiago sakonduz eta atal berriak jorratuz. Honekin, besteak beste, oraindik nahiko ezezaguna den 'cis' kontzeptua ezagutzera eman gura izan dute, 'trans' terminoa normalizatu eta ikusgarri bilakatzeko asmoarekin.

Martxoaren 12an film-laburren emanaldia egingo da. Horretan, aurtengo Zinegoak jaialdian estreinatutako hainbat film-labur proiektatuko dira euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin: Mi pequeño gran samurái  (Euskadi - 21'), Cocodrilo (Espainia - 4'), Jess (Costa Rica, Espainia, Txekiar Errepublika - 10'), Rani (Pakistan - 14'), AdLib (Euskadi - 7') eta XY (Islandia - 15').

Guztien artean azpimarratzekoa da Mi pequeño gran samurái (Nire samurai txikia) filma. Arantza Ibarra zuzendariaren azken lan honek Ekai Lersundiren bizitza dauka oinarri, 2018. urtean bere buruaz beste egin zuen gazte transexual ondarrutarra.

Dokumentalaren zuzendaria ere Ondarroakoa da, eta, beraz, gertutik ezagutzen du Ekairen istorioa. 21 minutuko iraupena duen dokumentalean, Elaxar Lersundi eta Ana Martinezen testigantzak jaso dituzte, baita Naizen elkarteko (adingabe transexualen familien elkartea) eta Ondarroako hainbat bizilagunen testigantzak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zen, Ekairen omenezko egunean, hil eta urtebetera.

 

Martxoaren 17an, martitzenean, bestalde, Zinegoak-eko Fik kategorian Euskadin estreinatutako Danielle Lessovitzen opera prima dan Port Authority emongo da. Martin Scorsese zuzendari ospetsuak ekoiztutako film hau 2019ko Sundance eta Cannes jaialdi ospetsuetatik (Un Certain Regard) pasatutakoa da. Transfobia soziala lantzen du, mutil cis eta neska trans biren arteko hartu-emon heterosexualaren bidez. Amerikako indie zinemaren ezusteko bat. Bitxi erraldoi hau Bermeoko pantaila handian ikusi ahalko da.

Bermeoko Udalak herritar guztiei animatu nahi die Zinegoak Hedapena programan parte hartzera.

09 / 03 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0