Albistea
-Udalak karpa bat jarriko du Artza Frontoiaren aurreko aldean eta Erregeak bertan eserita egongo dira umeek agurtu ditzaten, 18:00etatik 21:00etara
Bermeon, 2022ko urtarrilaren 3an.- Bermeoko Udalak Erregeak herrira etortzera gonbidatu ditu urtarrilaren 5ean. Aurten, hala ere, ez dira itsasontziz iritsiko, baina honek ez du esan nahi umeek ikusteko aukerarik izango ez dutenik. Izan ere, Udalak karpa bat jarriko du Artza Frontoiaren aurreko aldean eta Erregeak bertan eserita egongo dira, umeek agurtu ditzaten (noski, baita euren postaria ere). Gainera, aurkezle batek giroa alaituko du eta musika ere entzungai egongo da. Ekitaldia 18:00etatik 21:00etara egingo da.
“Egoera sanitarioa ez da bat ere ona, baina Erregeak herrira gonbidatu nahi genituen. Hori bai, ekitaldi hau segurua izan dadin indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak uneoro errespetatu beharko dira. Honetarako, guztiok jarri beharko dugu gure aldetik eta antolatzaileen gomendioak segitu beharko ditugu. Kultura segurua izango da baldin eta guztiok arauak errespetatzen baditugu”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.
Eta gehitu du: “egia da aurtengo erregeak ezberdinak izango direla baina umeek, behintzat, eurak ikusteko aukera izango dute. Sirena entzuteko aukera ere egongo da baina, aurten, erregeak iritsi direla adierazi beharrean, umeak pixkanaka ohean sartu behar direla markatuko du. Izan ere, ekitaldia bukatzen denean jarriko dugu martxan”.
010 (94 617 91 00)