Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalaren adierazpen instituzionala

Azken egunotan, hainbat pertsonek Bermeoko Jose Done Ikastetxe zaharreko Menesiar kongregazioko zuzendari eta anai izandakoaren aldetik sexu-abusuak jasan zituztela salatu dute Ertzaintzaren eta Bilboko Elizbarrutiaren aurrean.

Horren aurrean Bermeoko Udaleko talde guztiek aho batez honakoa adierazten dugu:

1.- Bermeoko herriak indar eta irmotasun osoz gaitzesten dituela bertan publiko egindako ustezko gertakari onartezinak. Jose Done Ikastetxean adin txikiko ikasleei egindako ustezko sexu abusuak giza-eskubideen haustura larri eta jasanezinak dira eta Bermeoko Udalak biktimen aldeko postura argi eta sendoa adierazi nahi du. Aldi berean, Bermeoko Udalak bere maitasun, babes eta elkartasunik zintzoena helarazi nahi die biktima guztiei eta haien familiei, eta haien eskura jartzen ditu arreta eta laguntzarako udal-zerbitzuak, bai eta behar duten laguntza guztia ere.

2.- Edozein erasoren aurrean gizartea ezin dela isilik geratu. Gutxiago, ustezko eraso hauen biktimak adingabeak izan direnean. Izan ere, gizarteak berak gehien babestu beharreko kolektibo zaurgarriena dira. Zentzu honetan, Bermeoko Udala beti agertuko da biktimen alde eta indarkeria mota guztiak desagerrarazteko konpromisoa berresten du.

3.- Ustezko eraso hauek ezin direla erantzunik gabe geratu eta herritarrei deia luzatzen diegu gertakari hauei aurre egiteko. Ezin da tolerantziarik agertu. Biktimak erdigunean jarri behar ditugu. Une zail eta gogor hauetan denon babesa sentitu behar dute eta hala adierazi nahi diegu.

4.- Abusu kasuen aurrean erasotzaileek aurrean izango gaituztela eta gure herrian tokirik ez dutela. Bermeok ez ditu honelako erasorik onartzen.

5.- Dagozkien instituzioei hartu beharreko neurriak hartzea eskatzen diegula eta bidelagun izango gaituzte gertakari hauen aurrean argia jartzerakoan. Justizian eta erreparazioa beharrezkoak dira honelako gertakari larriak berriro gertatu ez daitezen.

23 / 02 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0