Albistea
-Beirazko ontziak birziklatzearen inguruko sentsibilizazio-ekintzak indartuko ditu kanpainak, ostalaritza-establezimenduei zuzenduta, udalerrian bildutako beira-kopurua handitzea helburu izanik
Bermeon, 2023ko martxoaren 22an.- Beirazko ontziak birziklatzea sustatzeko kanpaina berria abiaraziko du martxoaren 23tik aurrera Bermeoko Udalak ostalaritza-establezimenduetan.
Kanpaina berriaren helburua herrian gaika bildutako beira-ontzien kopurua handitzea da eta edukiontzietan jasotzen den material inpropio kopurua ahalik eta txikiena izatea, kalitatezko sailkapena eta birziklapena egiteko. Horretarako landa-lana egitea aurreikusi da, hau da ostalaritzara bisitak. Beirazko ontzien birziklatzeari buruzko argibide gehiago emanez eta birziklatzeak Bermeori dakarzkion ingurumen-onurei buruzko sentsibilizazioa bultzatuz.
Horrela, martxoaren 23tik aurrera langile kualifikatu bat hurbilduko da establezimenduetara. Lehen fasean, argibideak eman eta beharrizanak antzemango dira; establezimendu bakoitzak sortutako hondakin-bolumenaren arabera, edukiera handiagoko ala txikiagoko ontziak banatuko zaizkie ostalariei (behar izanez gero), beirazko hondakinak birzikla ditzaten, eta, oro har, birziklatzeko erraztasunak emango zaizkie. Arrazoizko epe bat igarota, langileak establezimenduetara joango dira berriro, bereizketa behar bezala egiten ari direla ziurtatzeko.
“Oso garrantzitsua da ostalarien lankidetza, gaika bildutako beira-kopuruak gora egiten jarrai dezan. Izan ere, ostalaritzan sortzen da erabilera bakarreko beira-hondakinen % 50a, eta, beraz, ostalaritza funtsezko sektorea da birziklatze-helburuak lortzeko: alor horretan egindako edozein aurrerapenak hobekuntza esanguratsua ekarriko du, klima-aldaketaren aurkako borrokan. Hori dela eta, Udaletik Bermeoko ostalariei proiektuan parte hartzera animatzen ditugu” adierazi du Aritz Abaroa alkateak”.
010 (94 617 91 00)