Albisteak

Albistea

Bermeoko Berhaz zerbitzuak 15 urte bete ditu

Herritarrei arreta eskaintzeko zerbitzu hau Euskadin sortu zen lehenbizikoetako bat izan zen  

Bermeon, 2019ko abenduaren 10ean.- Badira data batzuk gogoz ospatu behar direnak eta hau, zalantzarik gabe, horietako bat da. Izan ere, Bermeoko Berhaz zerbitzuak (Bermeoko Herritarrentzat Arreta Zerbitzua) 15 urte bete ditu aurten. Urtemuga berezi honen berri eman dute gaur goizean Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Naiara Anasagasti zerbitzu honen zuzendariak. Gainera, urte hauetan guztietan bildutako zenbait datu ere eskaini dituzte.  

Herritarrei arreta eskaintzeko zerbitzu hau Euskadin sortu zen lehenbizikoetako bat izan zen. 2002an, proiektu honen diseinua hasi zenean, ez zeuden administrazio mailan adibide asko, ez eta esperientzia handiko ereduak, mota honetako bulegoen antolaketan. Bermeoko Udalak Iruneko kasua izan zuen aztergai eta denbora errekorrean, zerbitzuaren eskaintza diseinatu, tramiteen prozedurak normalizatu, ereduak, udal informazio eta datu baseak bateratu, altzariak, langileak eta aplikazioak antolatu eta gaur egun ezagutzen dugun bulegoa sortu zuen. Bada, 15 urte geroago (zerbitzua 2004ean jarri zen martxan), ia erabiltzaileen %100ak gomendatzen du arreta zuzeneko zerbitzua eta 8,9ko nota lortzen du zerbitzuaren balorazio orokorrak egiten direnean. 

Berhaz zerbitzua martxan jarri aurretik, herritarrek leihatila gehiegi zituzten euren kontsultak, ordainketak, tramiteak… egiteko. Zerbitzua ez zen eraginkorra eta horrek zuzeneko eragina zuen herritarrengan. Hori horrela zela ikusita, kalitatezko zerbitzu hurbil eta eraginkor bat egitea erabaki zen eta horrela sortu zen gaur egun ezagutzen dugun Berhaz.  

Intereseko datuak: 

Azken 15 urte hauetan, datu asko bildu ditu Berhaz bulegoak. Jarraian, horietako batzuk azaltzen dira: 

1.- Egunero, bataz beste, 106,75 pertsona artatzen dira.

2.- Zapatuetan bataz beste, 16,33 pertsona etortzen dira tramiteren bat egitera.

3.- Azken bost urtetan 1120 galdutako objektu kudeatu dira, identifikatutakoen %100a bueltatuz eta gainerakoen gutxienez %30a ere bueltatzen dela bermatuta.

4.- Udalean egiten diren ordainketa guztien erdia baino gehiago Berhaz bulegoaren bitartez burutzen da.

5.- Urtero 15.000 sarrera erregistrotik gora burutzen dira.

6.- Erabiltzaileen %93a, tramite bat egitera (%65), informazioa eskatzera (%12), kexa bat aurkeztera (%8) edo ordainketa bat egitera (%8) dator bulegora. Tramiteen artean errolda gaiak dira nagusi.

7.- Hogeita hamasei erakusketa egin dira bulegoan 2004tik. Herriko artista ezagun zein anonimoek euren lanak erakusteko aukera izan dute.

8.- Urtero, 1000 eskari inguru bideratzen dira Eusko Jaurlaritzara, Berhazen bitartez, administrazio bien artean duten hitzarmenari esker.

9.- Tramite guztien ia %80 6 minutu baino gutxiagoan burutzen da. Herritarrek, gainera, pertzepzio hobea dute. Galdetutakoen %90ak uste du 5 minutu baino gutxiagotan egiten direla tramitazioak. 

BERHAZ OSATZEN DUTEN BESTE BI ARRETA BIDEAK:

2008an, 010 arreta telefonikoko zerbitzua martxan jarri zen. Zerbitzu honek, hilero, 1000 dei baino gehiago artatzen ditu eta horien guztien %65a baino gehiagori dei bakarrean irtenbidea ematen zaio. Gainera, 2009an, Udalak arreta telematikoa martxan jarri zuen, herritarrei lehen tramiteak elektronikoki egiteko aukera emanez. Momentu honetan, zerbitzu hau asko garatzen ari da Udala, tramitazio guztia elektronikoki egin, tramite horien egoera zein den jakiteko aukera eskaini eta jakinarazpena bera elektronikoki jaso ahal izateko.

10 / 12 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0