Albistea
Izen-ematea gaur, ekainaren 5ean, irekiko da, gaur bertan martxan jarriko den www.gaztedibusturialdea.eus webgune berriaren bitartez. Ikastaroa ‘Lana Bilatzea, Lana Da’ programaren barruan kokatuta dago eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako “Gaztedi Busturialdea” hitzarmenean oinarritzen da.
“Psikomotrizidade erlazionala: aukera berdintasunerako eta emozioen lanketarako" formazioa antolatu dute, Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udalek eta Urremendik batzen dituen Arratzu Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako Udaletako Gazteria zerbitzuek.
Formazioa Eusko Jaurlaritzak homologatuta dago eta 125 orduko iraupena dauka. Horietatik, 104 ordu aurrez aurreko saio teorikoak izango dira. Gainera, urte amaieran eta bi hilero, bideoak aztertuz egin behar den lanerako beste 21 ordu erabiliko dira.
Eskolak eguazten eta bariku arratsaldeetan (17:00-20:00) eta zapatu goizetan (10:00-14:00) izango dira, hilean behin, 2017ko irailetik 2018ko ekainera arte.
Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 35 urtetik beherako gazteek 450 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Hala ere, ikastaroa amaitu ostean %90etik gorako parte-hartzea izan dutenei 100 euro itzuliko zaie.
Gainerako herrietan erroldatutakoek eta 35 urtetik gorakoek 700 euro ordaindu beharko dituzte. Hala ere, lehentasuna izango dute 'Gaztedi Busturialdea' programan parte hartzen duten herrietan erroldatutako 16 eta 35 urte bitarteko gazteek.
Izena emateko epea uztailaren 21era arte egongo da zabalik. Horretarako, www.gaztedibusturialdea.eus web-orrialde berrian dagoen formularioa bete eta bidali beharko da. Plaza kopurua mugatua da (15 plaza). Beraz, eskainitako plaza kopurua interesdunen kopurua baino txikiagoa bada, hautaketa egingo da eskabidea egin dutenen artean. Lehentasuna izango dute Magisteritzako, Haur Hezkuntzako, Gizarte Hezkuntzako, Psikologiako edota Lehen Hezkuntzako Goi Mailako ikasketak dituztenek.
Webgune berria
Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko Gazteria zerbitzuek www.gaztedibusturialdea.eus web orrialde berria jarri dute martxan gaur, ekainaren 5ean. Bertan, Gaztedi Busturialdea proiektuan lantzen dituzten lan ildoak batzen dira.
Bekak, prestakuntza, enplegua eta ekintzailetza izango dira lan arlo nagusiak eta horietan eskaintzen dutenaren informazioa batuko da webgune berrian. Gainera, ikastaro, hitzaldi edo bestelakotan izena emateko aukera ere egongo da bertan. Atari horrek gainera, ikastaro, hitzaldi edo bestelakotan izena emateko izapideak ere erraztuko ditu, aukera emango duelako izen-ematea bertan egiteko.
010 (94 617 91 00)