Albisteak

Albistea

Bermeo Udalak puntu seguruen sarea sortuko du

  • Datorren astean udalerriko ostalariek jasoko dute formazioa, eta uztailean, berriz, merkatariek.
  • Puntu seguruak edozein motako indarkeria matxista jasotzen duen pertsonari babesa emateko sortutako puntuak izango dira, baita ere, eraso matxistarik gabeko puntu babestuak”, azaldu du Berdintasuneko zinegotziak.

Azken urteetan udalerrian emandako indarkeria matxista kasuen gorakada kontuan hartuta, eta herri seguruago bat lortzeko bidean, Bermeoko Udalak, Berdintasun Sailaren bitartez, gune seguruak sortu gura ditu, indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei eta euren ingurukoei babesa emateko. Horretarako, udala puntu seguruen sarea osatzen hasiko da, herriko ostalari eta merkatariekin elkarlanean.

Herrian zehar, herritarrengandik gertuen dauden sare naturalak aktibatzea da helburua. “Puntu seguruak edozein motako indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei babesa emateko sortutako puntuak izango dira, baita ere, eraso matxistarik gabeko puntu babestuak. Gertuen daukaten konfiantzazko puntua izatea da helburua”, azaldu du Berdintasuneko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok.

Puntu horietan, eraso matxistaren bat jaso duen pertsonak, lehenengo momentuko babesa jasotzeko aukera edukiko du, beharrezkoak diren baliabideak martxan jartzen diren bitartean. Modu horretara, puntu seguruetako jabe eta langileek indarkeria matxistaren egoera baten aurrean laguntza emateko oinarrizko formakuntza jasoko dute, eta erasotua babesteko neurriak ezagutuko dituzte.

Azken egunotan Berdintasun Saileko langileak tabernaz taberna ibili dira puntu seguruen sarea aurkezten, ekainean emango den formakuntzaren berri ematen, eta bertaratzeko gonbidapena egiten. Formakuntza bi egunetan eta ordutegi ezberdinetan eskainiko da, sektorearen errealitatea kontuan hartuta. Hortaz, tabernariek ekainaren 3 eta 4an jasoko dute formakuntza; ekainaren 3an, 17:00etan izango da, eta 4an, 10:30ean. Bi egunetan Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan batuko dira.

Ondoren, ekainaren erdialdean, Berdintasun sailekoak komertzioekin lanean hasiko dira; merkatari elkartearen bidez joko dute eurengana, baita ere, komertzioetara bertaratuta, informazio guztia jaso dezaten. Komertzioetako jabe eta langileentzako formakuntza uztaileko lehenengo astean izatea aurreikusten da. Ostalariei modura, bi egun eta ordu eskainiko zaizkie.

Andra Mari eta Santa Eufemia jaien aurretik aurreikusten da sarera batutako tabernen mapa zabaltzea. Ondoren, asmoa da, Azaroaren 25eko aurreko asteetan, sarearekin bat egin duten komertzio eta tabernen puntu seguruen mapa herritarrei aurkeztea, eta herrian hiztun kopurua daukaten beste hizkuntza batzuetan ere kaleratu gura da, ahalik eta herritar gehiengana iritsi asmoz.

Sarea herrigunetik haratago zabaldu gura da, ostalaritza eta merkataritza dagoen auzoetara ere iritsita. Hala, Berdintasun teknikaria auzoetako alkateekin batuko da ekainaren 6an, ekimenaren berri emateko, eta ostalaritza eta merkataritzarik ez dagoen auzoetan indarkeria matxistaren prebentziorako zein lehenengo arretarako sortu daitezkeen estrategiei buruz hausnartzeko.

“Bermeoko Udalaren asmoa da indarkeria matxisten aurkako borrokan, herria eta herritarrak gehiago inplikatzea, guztion erantzukizuna baita. Era berean, gaitz hori sufritzen dutenei erakutsi gura diegu ez daudela bakarrik, laguntzeko prest gaudela”, adierazi du Ormazak.

Modu horretara, udalak herriko ostalariak eta merkatariak deitzen ditu puntu seguruen sarera batzera, eta formakuntza jasotzera; “zenbat eta gehiago, sarea osatuagoa egongo da”.

28 / 05 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0