Albistea
Seigarren urtez, Sagrado Corazón Ikastetxeko ikasleak ikasturte osoan astero egun baten joan dira Bermeoko Sancti Spritus zaharren egoitzako adineko pertsonekin denbora librea partekatzera. “Horrela, gazteek eta nagusiek hitz egin, jolastu eta hainbat ekimen elkarrekin egiten dituzte, euren arteko loturak indartuz”, azpimarratu dute antolatzaileek. Ekimen hori Sagrado Corazon ikastetxeko Ikasketa eta Zerbitzua proiektuan barne dago, eta, horren bidez, DBH4. mailako ikasleak ikasturte osoan astean behin joan dira udalaren zaharren egoitzara nagusiekin egotera, bederatzi-hamar ikasle egun bakoitzean, hain zuzen ere.
Programa hori 2013-2014 ikasturtean jarri zuten martxan lehenengo aldiz, eta Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak eta Sagrado Corazón ikastetxeak adierazi dutenez, esperientzia oso “aberasgarria da nagusi zein gazteentzat; izan ere, elkarrengandik gauza asko ikasten dituzte eta momentu politak eta dibertigarriak igaro ere bai”.
Horrela, Sagrado Corazon Ikastetxeak 2018-2019 ikasturtean ere ikasleen eta Udalaren egoitzako nagusien arteko topaketak abiarazi ditu. Ekimen horrekin Sagrado Corazón ikastetxearen helburua da “nagusienganako gazteen sentsibilizazioa; izan ere, gaurko gizartean adinekoak askotan gutxietsiak dira eta topaketa horiekin jarduera horiek saihesten dira”.
Sagrado Corazon ikastetxeak ekimen hori eskola proiektuaren barne sartu du GAZTE-NAGUSI izenarekin. “Beraz, ez da ekintza puntual bat, ikastetxearen hezkuntza proiektuan atal bat baino”, azaldu du Sagrado Corazón Ikastetxeak.
Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleen eta zaharren udal egoitzako egoiliarrren arteko topaketak urrian hasi ziren eta ikasturte osoan zehar izan dira. “Gazte eta adinekoen topaketa horien bitartez generazio ezberdinen arteko loturak sortzen eta lantzen saiatzen gara, elkarrengandik ikasi eta momentu politak bizitzen dituzte gazte zein nagusiek, egia bihurtuz aspaldiko esamoldea: izan direlako gara”, adierazi dute.
010 (94 617 91 00)