Albisteak

Albistea

Nestor Basterretxearen omenez, naturak, musikak eta herriek bat egingo dute

Urmugaren Urtanta ekimenaren baitan egitarau zabala antolatu dute uztailaren 25erako. Urmuga mendia eta musika uztartzen dituen ekimena da, Euskal Herri osoa mendiz mendi zeharkatzen duena, natur parajeetan musika emanaldi ederrak eskainiz. Aurten, Urmugaren Urtanta egitasmoak Bizkaiko hainbat herri zeharkatuko ditu eta kontzertu eder batekin amaituko da. Aurtengo edizioak Nestor Basterretxea sortzaile handia omenduko du, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Uztailaren 22tik uztailaren 28ra Urmugak bere omenaldia egingo dio artistari, mendi ibilbideak eta musika uztartuz. Egitarau osoa www.urmuga.eus web orrialdean kontsulta liteke, eta sarrerak ere bertan daude salgai.

Hiru mendi ibilbide

Honela, goizean goizetik hiru mendi ibilbide irtengo dira. (Izena emateko behean aipatzen diren mendi taldeen bidez egin liteke edo info@urmuga.eus helbidera idatzita). Ibilbide nagusia 8:15ean abiatuko da Bermeotik, Nestor Basterretxearen Olatua eskultura dagoen tokitik. 8:30ean, Kosmogonia eskultura artean musika ekitaldi artistikoa egingo dute, eta, hortik, bidea jarraituko dute Matxitxako lurmuturrera. Bertan, 12:00etan, Basterretxearen gudarien monumentuan omenaldi musikatua egingo zaio berari eta itsas batailan parte hartu zuten gudariei. Hortik Bakiora jaitsiko dira.

Beste bi ibilbideak Mungiatik eta Lemoizetik irtengo dira. Mungiakoa goizeko 9:00etan abiatuko da, eta Gatika eta Jatabe-Maruri zeharkatuta Bakioko Jata merenderora iritsiko dira. Bertan bazkaria egingo dute. Lemoizetik 10:00etan abiatuko da hirugarren taldea, eta hau ere Jata merenderora iritsiko da eguerdirako.

www.urmuga.eus

Kontzertu handia 18:00etan Jata merenderoan

Et Incarnastuk Orkestrarekin (22 musikariko orkestra), euskal kantari ezagunek bi orduko kontzertua eskainiko dute Bakioko Jata merenderoan. E aut Elorrieta, Olaia Intziarte, Idoia Asurmendi, Anje Duhalde eta Xabier Leturiak euren kantak eta besteenak kantatuko dituzte orkestrarekin egindako moldaketa bereziekin.

Sarrera doakoa izango da eta Euskolabel produktuak izango dira jateko eta edateko bertaratzen direnentzat. Merenderora joateko eta itzultzeko autobus zerbitzua egongo da.

Antolakuntza eta babesle talde zabala

“Gure ingurumena eta kultura gozatzeko”

Antolakuntza lanetan, Urmuga Elkartearekin batera, hainbat mendizale talde ari dira: Bermeoko Sollube 707 Mendizale Taldea, Gernikako Goi-zale Mendi Taldea, Busturia Mendi Taldea, Mundakako Gazte-zar Mendiko Taldea eta Mungialdeko Tallu Mendizale Kirol Kluba. Babesle eta laguntzaile lanetan aritu dira Bakioko, Bermeoko, Mundakako eta Lemoizko udalak ere, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Antolatzaileek eskertu nahi izan dituzte, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa eta Berria babesle nagusiak,

Migel Zeberio Urmurgaren zuzendariak adierazi duenez: “Euskal Herriko bailara, herri eta mendi guztietara geure kultura, musika eta naturzaletasuna eraman nahi ditugu. Hori ez dugu bakarrik egiten, noski, eta oso pozik gaude Bizkaian hainbeste eragile inplikatu direlako ekimena posible izan dadin. Bereziki eskertzen dugu Basterretxea familiaren lana.

Guztientzat irekia den egun zoragarria pasako dugula ziur gaude!”

04 / 07 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0