Albistea
Bizkaibusek Landabasoko industrigunean geltokia berriro jarriko du otsailaren 20tik aurrera, herritarrek eta Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari (BFA) eskaera hori luzatu ondoren.
Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, “Udalak eskaera hori luzatu zion BFAri Bermeoko herritarren aldarrikapen bat izan delako, izan ere, herritarrek proposamen hori egiteko izenpenak ere batu zituzten”, azaldu du.
Horrela, Bizkaibusek jakinarazi duenez, otsailaren 20tik aurrera, A3527 lineako autobus guztiak (zerbitzu zuzenak izan ezik) Etxetxubarri geralekuan geldituko dira, Bermeo-Bilbo noranzkoan. Bilbo-Bermeo noranzkoan, geldialdia eskaripean izango da, hau da, autobusa bakarrik geratuko da baldin eta autobus barruan dagoen erabiltzaile batek hala eskatzen badu.
Benito Ibarrolazak adierazi duenez, geraleku hori berreskuratzea “albiste ona da Bermeoko herriarentzat, batez ere garraio publikoa erabiltzen duten bermeotarren eskaera bat dela kontuan hartuta”.
010 (94 617 91 00)