Albisteak

Albistea

Busturialdeko Gazte Musika Jaialdia. Abenduaren 18an, Bermeoko Kafe Antzokian

'Gaztedi Busturialdea' proiektua osotzen daben 12 herriek (Arratzu, Bermeo, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Morga eta Sukarrieta) "Busturialdeko Gazte Musika Jaialdia" antolatu dabe lehen aldiz. Horren helburu nagusia, eskualdeko gazte musika taldeen lana bultzatzea eta zabaltzea da.


Abenduaren 18an izango da musika jaialdi hori Bermeoko Kafe Antzokian, 21:00etatik aurrera. Horretan, eskualdeko musika talde honeek parte hartuko dabe: OZHEN, SUEDER, ZARTADA eta GAUTXORI.

  OZHEN (Bermeo)

2015. urte honetan Bermeon sortu da Ozhen taldea. Euskerazko pop-rock melodikoa lantzen dau. Urteetan musika munduan ibili eta gero, proiektu barri hau sortzea izan da taldekideen nahia eta aukera, eta azkenean lortu dabe. Partaideek beti gogoko izan daben 80 eta 90. hamarkadetako rock musikaren kutsua berreskuratu gura dabe.

 Taldean neska bi eta hiru mutil dagoz, hain zuzen be: Guruzne Aristegui (Ahotsean), Esti Goikoetxea (Baxuan), Aritz Hormaetxea (Kitarran), Iker Latxaga (Teklatuak jotzen) eta Manu Goikoetxea (Baterian).

 Martxoan, eurek ekoiztutako eta ordaindutako lehen maketa grabatu eta kaleratu dabe. Mungiako "Magic Box Musika" estudioetan grabatu da aurreneko lan hori.

 Azkue Fundazioak antolatutako ‘Banden Lehia’ musika lehiaketaren 7. edizinoaren bandarik bozkatuena izan da. Azaroaren 27 honetan izango da finala, Bilboko Bilborock aretoan, eta Ozhen taldea bertan egongo da, ganerako hiru finalistekaz batera.

  SUEDER (Gernika)

2012. urtean Gernikan osotutako taldea da Sueder. Jotzen dabezan abestiak, rock estilo bizienetik pop/rockera doaz. Kantetan, Itoiz, Gatibu, Police... bezalako taldeen influentzia antzematen da. Euskeraz abesten dabe, bizkaieraz zehazki, eta kantuetan eguneroko gaiak topatzen doguz: gure herriaren historia, amodioa…

 Unai Aldekozeak (Gitarra), Ander Uribarrik (Bateria), Koldo Sanchezek (Baxua eta ahotsa) eta Xabi Larrainzarrek (Gitarra) osotzen dabe Sueder taldea.

  Sei abestiz osotutako EP bat grabatu dabe aurton Muxikon eta Altxatune estudioetan, Jorge Etxebarrieta “Txortx” teknikariagaz. Lan horretan, Gatibu taldeko Haimar Arejitak (ekoizketan lagundu dau eta abesti batean gitarra jo dau), Fito & Fitipaldis taldeko Jose Alberto Batiz “Batiz”-ek (slide gitarragaz lagundu dau) edota Doctor Deseoko Francis Diezek (ahotsa sartu dau Star Hotela abestian) kolaboratu dabe. Autoekoiztutako diska izan da eta azaroan kaleratu da.

 Hona hemen Sueder taldearen musika eta estiloari buruz jasotako iruzkin bat:

“Gernikako Sueder taldeak, herrian aurretik sortutako beste rock talde batzuen arrastoari helduta, soinu trinko eta lehen entzunaldiko kantu bizi-biziak eskaintzen ditu, taldekideen adin gazteari dagokion gogoa kantuen kalitateari gehituta”.

  ZARTADA (Bermeo)

2013an sortu da Zartada taldea, Bermeon. Musika estilo desbardinak jotzen dauzan (rock, ska, punk eta rock n’ roll) talde gaztea da. Taldea sortzearen arrazoia musikagaitik izandako zaletasuna izan da. Euskeraz abesten dabe, batez be.

 Hasikeran ez eukien entsaiatzeko lekurik eta taldekide baten txokoan entsaiatzen eben. Orain dala urte bitik hona, barriz, Bermeoko Gizarte eta Kultur Etxeko entsegu geletan entsaiatzen dabe.

 Jon Carranza (Bateria), Jonan Juarez (Baxua) eta Beñat Aurre (Gitarra eta Ahotsa) gaztetxoak zirala alkar ezagutu ziran Bermeoko Musika Eskolan. Hortik, musika talde bat sortzeko deia etorren. Urte batzuk geroago, Andoni Gutierrez (Gitarra) ezagutu ebenean, taldeagaz martxan jarri ziran.

 Taldearen lehen kontzertua kuadrilakoen txoko batean izan zan. Ordutik aurrera, barriz, hainbat kontzertu emon dabez. Besteak beste, Vendetta taldeak 2014ko Bermeoko Andramari jaietan emondako kontzertuan teloneroak izan ziran.

  GAUTXORI (Gernika)

Lau mutilez osotutako taldea gaztea da Gautxori, hiru Gernika-Lumokoak eta laugarrena Abadiñokoa, hain zuzen be: Asier Zabala (Ahotsa eta gitarra erritmikoa), Ibon Bilbao (Gitarra), Endika Elizaga (Baxua eta koruak) eta Jon Rekalde (Bateria).

 Zornotzako Zelaieta aretoan geratzen dira entsaiatzeko eta abestiak sortzeko. Euskeraz abesten dabe eta "rock alternatiboa" estiloa jotzen dabe. Taldekide guztien musika gustuak errespetatuz konposatzen dabez abestiak.

 Taldekide danak ikasi dabe musika eskolaren batean, beraz, musika hezkuntza jaso dabe guztiek. Ganera, taldekide bakotxak, musika tresna bat baino gehiago jotzen daki.

Taldeak aukeratzeko orduan, honako baldintza eta irizpide honeek hartu dira kontuan:

 -Busturialdeko izatea (talde osoa edo taldekide batzuk).

Diskoetxe bategaz inolako kontraturik ez eukitea.

- Hizkuntza. Euskeraz abesten daben musika taldeek lehentasuna izan dabe.

- Parekidetasuna.

Bestalde, taldeak aukeratzeko momentuan ez da musika estilo  bereizketarik egin, baina oreka bat bilatu gura izan da.

 

Busturialdeko Musika Jaialdia dohainik izango da baina beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapenak batzea. Gonbidapen horreek, Kafe Antzokiko edukiera bete arte, Bermeoko eta Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuetan eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen bulegoetan (Gernikako plaza) jaso ahal izango dira, azaroaren 26tik aurrera. Pertsonako gonbidapen bi emongo dira.

 Musika jaialdia amaitu ostean, antolakuntzak autobus bat jarriko dau Bermeora etorri diran gazteak eskualdeko herrietara eroateko.

  

BERMEOKO GIZ: Gizarte eta Kultura Etxea – giz@bermeo.org – Tel. 946179158

GERNIKA-LUMOKO GIB: Foruen Plz 2 – gazteger@sarenet.es – Tel. 946270215

URREMENDI ELKARTEA: Gernikako plz – gazteria@urremendi.org - 946257609

 

 

30 / 11 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0