Albisteak

Albistea

Bermeoko XIII. Herri Lasterketa izango da urtarrilaren 29an, domekan

Aurten batzen den dirua Nere Izarra Rett Elkartearentzat izango da, rett sindromearen ikerketara bideratzeko

 

Bermeoko Udalak eta Taraska Gazte Zahar taldeak antolatuta, urtarrilaren 29an, domekan, Bermeoko XIII. Herri Lasterketa egingo da. Irune Ormaetxeak, Kirol zinegotziak; Itxaro Zabalak, Bermeoko Udal Kirol Patronatuko zuzendariak; eta Jon Iturbe eta Ana Uriarte Taraska Gazte Zahar taldeko ordezkariek, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Bermeoko Herri Lasterketa. 

Azaldu dutenez, joan den urtean, 779 pertsonek parte hartu zuten herri lasterketan, 265 nagusik eta 514 umek, hain zuzen ere. Helduen kasuan, 194 gizonak izan ziren eta 71 emakume. 

Hori dela eta, Ormaetxeak azpimarratu duenez, urtero bezala, aurten ere gure erronka da “emakumearen parte hartzea handitzea, emakumeari kirola egiten kalean ikusi behar zaiolako”.  Ildo honetan, gogoratu duenez, iaz emakumeak korrika egiteko taldea sortu zen. “Horrela, talde horretako emakumeei eta korrika egiten eta egin nahi duten emakume guztiei Bermeoko XIII. Herri Lasterketan parte hartzera animatzen ditugu”, nabarmendu dute Ormaetxeak eta Uriartek. 

Ormaetxeak lasterketaren  izaera “herrikoia”, “soziala” eta “konpetitzioa helburu ez duena” dela azpimarratu du. Adierazi duenez, Herri Lasterketaren helburuak dira “herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea”. “Horrez gain, kirola herritarrei hurbildu nahi diogu, kirola ez dela federatuen gauza bakarrik adierazi, denona dela eta denok parte hartu ahal dugula, hain zuzen be”, gaineratu du.  

Adin guztietako herritarrak 

Urtero bezala adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute lasterketan. Horretarako, lau lasterketa antolatu dira: umeak, txikiak, gazteak eta nagusiak. Guztiak Bermeoko Lameratik hasiko dira. 

Nagusien lasterketa, hau da, 14 urtetik gorakoena, goizeko 10:45ean hasiko da, eta ibilbide guztia gutxi gorabehera 7,2 kilometrokoa izango da. 11 eta 14 urte bitarteko gazteek lasterketa nagusian parte hartu ahal dute, beti ere pertsona nagusi baten ardurapean eta berarekin korrika, eta gurasoen baimenarekin.   

Gazteen lasterketa, 11 eta 14 urte bitartekoei zuzendutakoa, goizeko 12:00etan hasiko da, eta ibilbidea 1.200 metro ingurukoa izango da. Txikien txanda, 7 eta 10 urte bitarte dutenena, 12:20ean izango da, eta ia 600 metroko ibilbidea izango da. Umeen kasuan, 3 eta 6 urte bitartekoak, 12:50ean hasiko dira eta 100 metroko ibilbidea izango dute.   

XIII. Herri Lasterketan parte hartu nahi dutenek Bermeoko Araneko kiroldegian izena eman behar dute. Umeek ikastetxeetan izena emateko aukera izango dute. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da 10:15ak arte, hala ere, Zabalak adierazi duenez, antolatzaileen lana errazteko, egunak lehenago izena ematea eskertzen dute. 

Nere Izarra Rett Elkartea 

Ume, txiki eta gazteen kasuan euro bat izango da eta nagusiak bi euro ordaindu behar dituzte. Aurten batzen den dirua Nere Izarra Rett Elkartearentzat izango da, eta rett sindromearen ikerketara bideratuko da. 

Aurten ere izena ematerako orduan korrikalari bakoitzari bere dortsala emango zaio, lasterketa egunean eraman beharrekoa. Korrikalari batzuei, -ume, txiki  eta gazteei-,dortsala ikastetxeetan banatuko zaie. 

Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek, lasterketan zehar ura edateko aukera izango dute, izan ere, ibilbidean zehar gune bat egongo da. Lasterketa bukatu ondoren BM supermerkatuak prestatutako opari poltsa bana eskainiko zaie parte hartzaile guztiei, eta Bermeoprint-ek ere opariak banatuko ditu parte hartzaileen artean. Dutxatzeko aukera ere egongo da Araneko kiroldegian eta Artza frontoian. 

XIII. Herri Lasterketaren garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko honako hauek lan egingo dute: Udaltzaingoak, Herri Babesak,  Bermeoko Udaleko Zerbitzu Sailak, Gurutz Gorriak, Taraska Gazte Zahar taldeak, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak, herriko boluntarioek eta Izaro Bikers elkarteak. 

Bestalde, lasterketaren laguntzaileak dira: Kutxabank, BM supermerkatuak, Festak.com, Bermeoprint, San Frantzisko Herri eskola, Sagrado Corazón ikastetxea, Eleizalde ikastola eta Ignacio Arocena institutua. 

Azkenez, Ormaetxeak, Zabala, Uriartek eta Iturbek herritar guztiak XIII. lasterketan parte hartzera animatu dituzte, kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango delako. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Bermeoko Araneko kiroldegiko sarrera bulegoan eta www.bermeo.eus  webgunean eskura daiteke.

 

 

 

20 / 01 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0