Albistea
Bermeoko Arrain Azokaren barne hainbat dira aurten ere egingo diren ekimenak eta horietariko batzuen berri eman dute gaur prentsaurrekoan, Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Bego Gangoitik, Turismoko arduradunak. Horrela, adierazi dutenez, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa aurten martxoaren 19an, zapatuan, izango da Nestor Basterretxea aretoan. “Horrez gain, aurten ere Bermeoko Arrain azokaren kartela lehiaketa bidez aukeratuko da, pintxo lehiaketa egitea aurreikusten da eta maiatzaren 11ra arte XX. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea irekita egongo da”, azpimarratu dute.
Bidegurenek azaldu duenez, nahiz eta herriko kultura eta produktuen erakusleiho aparta den Bermeoko Arrain Azoka maiatzaren 20, 21 eta 22an izan, helburua da denboran zehar zabaltzea eta ez mugatzea asteburu batera.
Horrela aurten Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa martxoaren 19an, zapatuan, izango da Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Zinea gustuko dutenek ziklo honekin gozatzeko aukera izango dute goizeko 11:30etik 13:00etara. Bertan, Takeaway Films-en ‘Ruta Molucas’ (25’ euskera) eta Daniel Rodríguez-en ‘El mar de la vida’ (52’ euskera) proiektatuko dira. Horrez gain, Rafa Herreroren ‘Liquid Mirror’ (3’ musika) eta David Sánchezen ‘Motivos para bucear en el Cantábrico’ (6’ musika) ikusteko aukera egongo da.
Arrain Azoka Elkarteak eta Actividades Subacuáticas Real Sociedad de Fútbol elkarteak antolatzen duten zinema ziklo honek itsaspeko zinemaren kalitatezko filmak eskaintzen ditu zinema hau herritarren eskura jarriz. Bidegurenek herritar eta nahi duten guztiak gonbidatu ditu zine honekin gozatzera. Sarrera dohainik da.
Arrain Azokako kartel lehiaketa
Bidegurenek gaineratu duenez, iazko esperientzia kontuan hartuta, aurten ere Arrain Azoka Elkarteak XXII. Arrain Azoka iragartzen duen kartelaren lehiaketarako deialdia zabaldu du eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko da Arrain Azokako egitarauren foiletoaren azala eta kartel iragarlea. Lanak aurkezteko epea apirilaren 5eko eguerdiko 14:00etan bukatuko da.
Bermeoko alkateak adierazi duenez, kartel lehiaketarekin Arrain Azoka “parte-hartzaileago bat lortu nahi dugu, herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea”. Bego Gangoitik azaldu duenez, kartelaren gaiak Bermeoko Arrain Azokarekin zerikusia izan beharko du, eta aurtengo helburua da arraina kontserban jatea oso osasungarria dela jakinaraztea.
Kartelan testu hau jarri beharko du: “XXII. Arrain Azoka. Maiatzaren 20, 21 eta 22an. Bermeo” eta arrain azokaren aurtengo helburua kontuan izanda, egileak askatasuna dauka lelo bat ere txertatzeko bere lanean. Oinarri guztiak Bermeoko Udaleko web gunean eta Turismo Bulegoan eskura daitezkeela gogoratu du Gangoitik.
Epaimahaia Arrain Azoka Elkarteko kidez osatuta egongo da eta lan irabazlea apirilaren 7an aukeratuko da eta apirilaren 8an jakinaraziko da Bermeoko Udalaren web gunean. Saria 600 eurokoa izango da eta maiatzaren 20an Hegaluze Sariko ekitaldian emango da. Bidegurenek interesa duten herritarrei lehiaketan parte hartzera gonbidatu die, “arrain azoka guztion artean egin nahi dugulako”.
XX. Hegaluze Saria
Bestalde, Bermeoko alkateak azpimarratu duenez, aurten ere “bermeotarrontzat hain garrantzitsua den Hegaluze Saria emango da”. “Sari honekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritu nahi da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari”, nabarmendu du.
Horrela, XX. Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago jadanik eta maiatzaren 11ra arte. Proposamenak egin nahi dutenek orri baten aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten azaldu behar dute. Horiek aurkezteko hainbat bide egongo dira: hegaluze@itsuki-irratia.net helbide elektronikora edo Itsuki Irratira (‘Hegaluze saria’, 120 p.k.- 48370 Bermeo) bidali edo Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu. Hegaluze Saria Itsuki Irratiak antolatzen du Arrain Azoka Elkartearen babesarekin.
2015eko edizioan Serrats kontserberak jaso zuen Hegaluze Saria, 2014ko edizioan Juan Antonio Apraiz ‘Coyote’k eta 2013ko edizioan Bermeoko Herri Babesak. Bermeoko eta Izaro Abesbatzak (2012), Bermeoko Santa Veracruz Kofradiak (2011), Jabi Elortegik (2010), Bingen Fernandezek (2009) eta Ilaski Serranok (2008) jaso dute Hegaluze Saria.
Pintxo lehiaketa
Bestalde, Gangoitik gogoratu dutenez, aurten ere pintxo lehiaketa martxan jartzea aurreikusten da. Honetan, herriko taberna guztiek parte hartu ahal dutela adierazi du eta pintxoaren osagarri nagusia arraina izango dela. “Kontserba izan ezkero, Bermeoko kontserba lantegiak lan egiten duten produktuekin eginda egon behar da, azken finean herriko produktua kontsumitzea dugulako helburu”, azpimarratu dute.
Turismo arduradunak adierazi duenez, lehiaketara aurkezten diren pintxoak salgai egon behar dira apirilaren 16, 17, 23, 24 eta 30ean eta maiatzaren 1, 7, 8, 14 eta 15ean (asteburuak). Pintxo hauek gutxienez 12:00etatik 14:30era egon behar dira eskuragai.
Interesa duten tabernek turismo bulegoan eman behar dute izena martxoaren 23a baino lehenago. Pintxo lehiaketa Eleizalde ikastolak Arrain Azoka Elkartearen babesarekin antolatzen du.
Idurre Bidegurenek adierazi duenez, ekimen guzti hauekin arrain azoka “parte-hartzaileago bat lortu nahi dugu, herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea”, ekimen ezberdinetan parte hartuz.
“Aurten maiatzaren 20, 21 eta 22an egingo den Arrain Azoka gure produktu eta kulturaren erakusleiho aparta da eta horrela izaten jarraitzeko lanean jarraituko dugu, gainerako erakundeekin elkarlanean”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)