Albistea
Euskara eta euskal komunikabideak sustatzeko eta herritarren artean euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko helburuarekin, Bermeoko Udalak Hitza egunkariarekin hitzarmen bat sinatu du eta horren barne Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako 120 harpidetza egitea adostu du Bermeoko leku publikoetan banatzeko.
Horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Josu Unanuek, alkateordeak eta Euskara Saileko zinegotziak, Maite Alvarezek, Euskara teknikariak, eta Ama Lur Bedialaunetak, Hitzako kudeatzaileak.
Unanuek azaldu duenez hainbat helburu lortu nahi dira hitzarmen honen bidez, besteak beste, “euskararen alde egitea, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta irakurzaletasuna zabaltzea bermeotarren artean, izan ere ere, Hitzan herritarrek hurbileko informazioa euskaraz irakurtzeko aukera dute”.
Alvarezek adierazi duenez, 120 harpidetza hauek udal eraikinak diren Liburutegian, Kultura eta Gizarte etxean, Berhaz-en, Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren egoitzan, Zaharren egoitzan eta Musika eskolan banatuko dira. Horrez gain, fisioterapia eta medikuntza kontsultetan, ile-apaindegietan, aseguru etxeetan, tabernetan, Erroxapen, akademietan, autoeskoletan eta gimnasioetan ere banatuko dira.
“Itxaron gelak dituzten lekuak aukeratu dira, izan ere, herritarrek toki hauetan irakurtzeko ohitura izaten dute eta horietan euskarazko hurbileko informazioa irakurtzeko aukera ematea, oso positiboa dela uste dugu aipatutako helburuak lortzeko”, nabarmendu du.
Unanuek eta Alvarezek azaldu dutenez, 2014. urtean udalaren eta Hitzaren hitzarmenaren bidez Hitza izan zuten 14 leku publikotan, “Hitzaren garrantziaz jabetu dira eta harpidedun ordaintzaile bihurtu dira”. Honako hauek izan dira: Izokin, Erreten, Akelarre, Zokoa, Izaro eta Kiroldegiko tabernak, Bilbao aseguruak, Amaia eta Bermeo podoklinikak, Yoli, Kix-Kix, Karmele eta Isabel ile-apaindegiak eta Lorea Agirre hortz klinika. Momentu honetan Osakidetzaren erantzunaren zain daude.
Alvarezek azaldu duenez, “oso positiboa” da establezimendu bakoitza harpidedun ordaintzaile bihurtzea, izan ere, “Bermeoko Udalari ere aukera ematen dio beste leku berri batzuetara Hitza zabaltzeko”. Unanuek adierazi dutenez, mota honetako ekimenak beharrezkoak dira euskararen normalizazioaren lanean jarraitzeko.
010 (94 617 91 00)