Albistea
‘Geuk eus’ euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpainaren barne, Bermeoko herriko musika taldeetako 15 musikarik euskaraz dantzatzeko eta abesteko ‘Minen puntiegaz’ abestia sortu dute. Zona Cero, Zartada, Etxekalte, Ozhen, Urgatz eta Ttakuntxo taldeetako musikariak eta Gatomn eta Leire Gotxi dira, hain zuzen ere, abesti honen egileak.
Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak; Maite Alvarezek, Euskara teknikariak; Urgatzeko Xabi Ojinaga eta Asier Renteria, Etxekalteko Iker Etxebarria eta Iñigo Iriondo Gatonm musikariek aurkeztu dute abesti hau gaur, martitzenean, prentsaurrekoan; eta, irailaren 8an, barikuan, Bermeoko jaietan ‘Minen puntiegaz’ kantaren bideoklipa aurkeztuko da txosna gunean suziriak bukatu ondoren. “Bermeoko jaietan ‘Minen puntiegaz’ kantarekin eta euskararekin gazteak eta nagusiak gozatzea espero dugu”, nabarmendu dute.
Agirrek eta Alvarezek adierazi dutenez, Bermeoko Udalak 2016ko maiatzen jarri zuen martxan ‘Geuk Eus’ kanpaina, eta horren barne hainbat ekintza garatu dira, besteak beste, ‘Geuk eus’ bideo-photocall karpa. “Karpak ondo funtzionatu du, grabazio asko egin dira; eta jendea gustura prestatu da, batez ere familia eta lagun giroan, eta ‘Geuk eus’ kanpainan erronka berriak finkatzea erabaki genuen”, azaldu dute.
Esan dutenez, “euskararen kale-erabileraren datuek diotenez, gazteak dira euskara gutxien erabiltzen dutenak Bermeon. Sarri euskarari buruz darabilgun diskurtsoa serioegia da, zama arintzeko ahalegina egin beharko genuke, egungo gaiak, gai arinagoak, umorea… erabilita”.
Horrela, adierazi dutenez, “herriko taldeen eskutik herriarentzat abesti bat egitea erakargarria eta interesgarria izango litzatekeela pentsa genuen; bermeotar gazte sortzaileen lana argira emateko, eta, aldi berean, euskara bultzatzeko. Miñen puntiegaz kanta horretarako aproposa da, musikari, erritmo eta ekarpen ugari elkartu baitira kantaren bueltan”.
Agirrek eta Alvarezek adierazi dutenez, “oso pozik gaude emaitzarekin, herriko musikarien inplikazioagatik eta egindako lan izugarriagatik”. “Abesti hau prestatzeko lan handia egin da eta Lore Barrenari aipamen berezia egin nahi diogu hasierako proposamenean buru belarri lan egin duelako”, gaineratu dute.
“Espero dugu ‘Miñen puntiegaz’ abestia bermeotar guztiok abestea eta dantzatzea, eta euskaraz gozatzea”, adierazi dute. Hortaz, herritar guztiak gonbidatu dituzte, irailaren 8an, barikuan, suziriak bukatu ondoren, txosna ingurura hurbiltzeko, “bertan gure herriko musika taldeek egindako abesti eta bideoklipa entzuteko, ikusteko eta gozatzeko”.
Esteka honetan, kantaren aurrerapena doa: https://soundcloud.com/euskera-saila/minen-puntiegaz
010 (94 617 91 00)