Albisteak

Albistea

Martxan, hirugarren urtez jarraian, Lokalbide programaren diru-laguntza deialdia

-Bi helburu estrategikori erantzuten dien ekimena da, besteak beste: herriko Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza sustatzea

-Diru-laguntza eskatu nahi duten pertsonek azaroaren 15era arte eskatu ahal izango dute

-2021ean programa sortu zenetik, 15 bat lokalek ireki dituzte ateak. Okasio honetan, 36.000 euro bideratuko dira

Bermeon, 2023ko maiatzaren 17an.-  Aurreko edizioetako arrakasta kontuan izanik, Bermeoko Udalak Lokalbide programari jarraipena ematea erabaki du hirugarren urtez jarraian. Bi helburu estrategikori erantzuten dien ekimena da, besteak beste: herriko Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza sustatzea. 2021ean programa sortu zenetik, guztira 15 lokalek ireki dituzte ateak.

Okasio honetan, 36.000 euro bideratuko dira negozioak bertara eramateko interesa pizteko eta Alde Zaharreko merkataritza eta bizitza pixkanaka berreskuratzeko, bizitzeko gune dinamiko eta atseginago bihurtuz. Laguntza hauek ekintzaileei emango zaizkie eta alokairuaren parte bat ordaintzera bideratu behar dituzte. Onuradunek, gehienez ere, 3.600 euroko diru laguntza jasoko dute (300 euro hilabete bakoitzeko) eta saltoki txikiekin, pertsonentzako zerbitzu-enpresekin, ostalaritzarekin, artisau-tailer txikiekin edo antzekoekin (arrantza eta elikadura, turismoa, adimen artifiziala, irtenbide digitalak) lotutako jarduerak ezarri ahal izango dituzte. Dirulaguntza eskatu nahi dutenek azaroaren 15era arteko epea izango dute.

“Programa martxan jarri zenetik hamabost bat negozio ireki dira. Garrantzitsua da martxan jartzen diren politikek herrian eta herritarrengan zuzeneko eragina izatea” azaldu du Bermeoko alkateak Aritz Abaroak. 

Bermeoko Udalak Lokalbiden izena emateko deia egin die herritarrei, bai lokalen jabeei, bai ekintzaileei. “Oso aukera ona da alokatu gabeko lokalak berriro martxan jartzeko eta pertsona ekintzaileek negozioak zabaltzeko” bukatu du Abaroak.

Lokalbideren funtzionamendua

Lokalbide programaren bitartez, Bermeoko Udalak, Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatzen ditu, jabeei programara atxikitzeko proposamena egiten die eta atxikitutako lokal hauek ekintzaileen eskura jartzen ditu, euren negozioak bertan garatu ditzaten. Hau da, Udalak bitartekaritza lana egiten du, jabeei euren lokalak alokatzeko laguntza eskainiz eta ekintzaileei negozioak zabaltzeko edo bertara mugitzeko aukera eta laguntza ekonomikoa emanez.

17 / 05 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0