Albistea
Euskararen Nazioarteko Eguna da abenduaren 3an eta hori ospatzeko egitarau zabala izango dugu Bermeon: film laburrak, euskararen ginkana, ipuinak, mendi ibilaldia, pista jokoa, zunba saioa, ikastetxeetako ekimenak…. Kalinpanek ere hainbat ekimenetan parte hartuko du euskaren eguna ospatzeko.
Horrela, abenduaren 2an, barikuan, bezperan, hasiko dira Euskararen Eguna ospatzeko ekimenak Bermeon. Egun horretan, Euskaraz bizi nahi dut’ film laburren bildumen proiekzioa izango dugu arratsaldeko 19:00etan Kabidxen, eta honako hauek izango dira ikusi ahal izango diren film laburrak: ‘Besarkadak’, ‘Garai berriak’, ‘Josuneren bidaia’, ‘Kontu txikiak’, ‘Semeak’, eta ABND bideoklipa. Sarrera dohainik da.
Era berean, abenduaren 2an, barikuan, Euskeraz Berbetan taldeak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatuta, Nestor Basterretxea areotan iluntzeko 20:00etan Itziar Rekaldek nagusientzako ‘Bidaiek ez dute bueltarik’ ipuin kontaketa eskainiko du.
Abenduaren 3an, zapatuan, Euskararen Egunean goizeko 9:00etan emango zaio hasiera ‘Euskaraz bizi nahi dut’ ekitaldiari, Portalen hasiko den mendi ibilaldiarekin.
Ondoren, Lameran 11:30ean umeentzako ekintzak izango dira, eta pista jokoarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Leku berean, 12:00etan, euskaraz gorputzak mugitu ahal izango dira zunba saioan, eta ordu horretatik aurrera Kalinpan ere Lameran ibiliko da.
13:30ean Lameran ‘Euskarazi bizi nahi dut’ ekitaldi berezia izango dugu. Horretan, Kontseiluaren oparien zozketa eta Berbalaguneko sari banaketa egingo dira, eta bertsolari, irrintzilari eta euskal musika entzuteko aukera izango dugu. Ildo berean, euskalgintzaren aipamen berezia egingo zaio Ipuin Lapiko ekimenari, Euskararen eguneko adierazpena irakurriko da eta parte hartzaile guztien argazkia egingo da.
Hainbat euskaltzale, herriko elkarte eta Bermeoko Udala elkartu dira Kontseiluak bultzatutako film laburren proiekzioa eta ‘Euskeraz bizi nahi dut ekitaldia’ antolatzeko eta gauzatzeko.
Euskararen ginkana
Bestalde, aurten, hack.in#badakigu informatika elkarte askeak antolatuta, Euskararen Ginkana ekimena martxan jarriko da. Euskararen ginkana joko entretenigarri, didaktiko eta erraza da, edonork parte-hartzeko modukoa.
Joko hori abenduaren 3tik 8ra egingo da. Hack.in#badakigu elkarteak azaldu duenez, joko horren bidez hiru helburu lortu nahi dira: lehenik, teknologia berriak eta software librea sustatzea; bigarrenik, euskara sustatzea; eta hirugarrenik, euskal kultura eta zehazki Bermeoko kultura sustatzea eta zabaltzea.
Euskararen Ginkanaren antolatzaileek Bermeon zehar 10 galdera kokatu dituzte, eta horiek erantzun behar dira. Baina erantzun ahal izateko, lehenik eta behin galdera deszifratu beharra dago. Behin deszifratuta, erantzuna bidali behar da, jokoan parte-hartzen hasi ahal izateko. Joko horretan parte hartzeko gidalerroak ginkana.hackinbadakigu.net aurki daitezke.
Ikastetxeetan ekimenak
Era berean, abenduaren 2an, barikuan, Bermeoko ikastetxeetan antzerkiak, tailerrak, jokoak, ipuinak eta kultur ekintzak egingo dira, besteak beste, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Kalinpan ere ikastetxeetan ibiliko da euskara zabaltzen.
Hortaz, Juan Karlos Agirrek, Bermeoko Euskara zinegotziak, azaldu duenez, egitarau zabala egongo da Bermeon Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta guzti horietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Ildo berean, abenduaren 2an eta 3an ‘Euskaraz bizi nahi dut’ banderola balkoietan jartzeko deia egin du. Banderola horiek Kultur etxean eta Berhaz bulegoan eros daitezke.
Azkenez, Bermeoko Udalak euskararekin duen konpromisoa eta herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean euskararen aldeko lanean jarraitzeko duen asmo sendo berretsi du Euskara zinegotziak.
010 (94 617 91 00)