Albisteak

Albistea

Dena prest astebururako: Miñe Lamiñe eta 2015eko jaioberrien liburuaren aurkezpena

 

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an da, eta motorrak berotzeko asteburu honetan hainbat ekitaldi antolatu ditu Bermeoko Udalak: alde batetik, azaroaren 26an, zapatuan, ‘Miñe Lamiñe’ ekitaldia izango dugu; eta beste alde batetik, azaroaren 27an, domekan, 2015eko jaioberrien liburua aurkezteko jaia egingo da.

Miñe Lamiñe ekitaldia zapatuan, azaroaren 26an, izango da Bermeoko Kafe Antzokian 11:00etatik 14:00etara. Ekitaldi hori irekia da, eta bertan, urtero bezala, aukera izango da lagunartean euskararen gaineko gogoeta egiteko, kafea eta mokadua lagunduta.

Aurten, Geuk eus kanpainaren barne 250 bideo baino gehiago grabatu dira, eta horietan herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten arrazoi asko azaldu dituzte. Horrela, horiek kontuan hartuta hausnarketa egingo da, eta solasaldiari amaiera emateko, Itziar Rekalde ipuin kontalariak eta Ipuin Lapikoaren dinamizatzaileak bertoko ipuinak ekarriko dizkigu, guztion gozagarri.

Bestalde, urtero moduan, Udalak Bermeon 2015ean jaiotako umeen liburua argitaratu du, eta, domekan, azaroaren 27an, aurkeztuko du Bermeoko Kafe Antzokian eguerdiko 12:00etan egingo den jai hunkigarri bezain polit batean. 

Oraingoan, 2015ean jaio diren 162 umeek eta euren familiek, bertsolariek bereziki egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere izango dute, eta Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizun politarekin ondo pasatzeko aukera izango dute familian. 

Beraz, aipatutako ekitaldiekin Euskararen Nazioarteko Egunerako motorrak berotzen hasiko da Bermeoko Udala. 

 

24 / 11 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0