Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak herriko dendetan eta establezimenduetan kontsumitzera animatzen ditu bermeotarrak

Ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduetan jarriko diren biniloen, Udaletxeko balkoian eta udal merkatuaren sarreran instalatu diren olanen, eta alkateak idatzi duen eta etxebizitza guztietan banatuko den gutun baten bitartez egingo da

Gainera, helburu bera duen spot bat ere kaleratu du

Bermeon, 2020ko ekainaren 8an.- Arintze fasean sartuta, Bermeoko dendak eta establezimenduak pixkanaka euren pertsianak zabaltzen hasi diren honetan, Udalak herrian kontsumitzera animatu gura ditu bermeotarrak. Udalak badaki Bermeoko ekonomia berrindartzeko ezinbestekoa dela, neurri handi batean, herria bera bide horretan inplikatzea eta, horretarako, duela egun batzuk aurkeztu zen ‘Nik, BermeON’ kanpainako lehenengo ekintza kaleratu du.

Horrela, gaurtik aurrera, herritarrek biniloak ikusiko dituzte ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduetan, sartzeko eta bertan kontsumitzeko gonbidapena eginez. Gainera, Udaletxeko balkoian eta udal merkatuko sarreraren goialdean egongo diren olan bik eta Aritz Abaroa alkateak idatzi duen eta herriko etxebizitzetan banatuko den gutun batek ere mezu bera gogoraraziko dute. Amaitzeko, Udalak spot bat kaleratuko du. Spot horretan, hainbat merkatarik euren negozioen ateak zelan zabaltzen dituzten ikusiko da. Orain Bermeoren, bermeotarren eta herriko ekonomia berrindartzearen unea delako.

Ez da erraza izango, baina denon artean markatutako helburua lortuko dugu: Bermeok, COVID-19ak sortu duen osasun arloko krisiaren aurretik bezala argitzea lortzea, kaleak bizitzaz beteta eta negozioak zabalik. Izan ere, merkatariek eta ostalariek herria kolorez betetzen laguntzen dute, dena eskura jartzen digutelako, eta eurak direlako erosteko orduan garrantzitsuena dena ematen digutenak: euren bermea. Izan ere, konfinamenduak zeozer erakutsi baldin badigu, onena eskuratzeko ez dugula Bermeotik irten behar izan da.

Beraz, eta orain inoiz baino gehiago, Udalak herrian kontsumitzera gonbidatu gura ditu herritarrak. Lekuan bertan kontsumitzea kalitatea bermatzea delako eta, baita herrikideari laguntzea ere. ‘Nik, BermeON’ kanpainak hainbat ekintza izango ditu hurrengo hilabeteetan. Gaur lehenengoa aurkeztu da, eta datozen asteetan beste hainbat ezagutuko ditugu.

08 / 06 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0