Albistea
Bermeon, 2022ko uztailaren 28an.- Bermeoko Udalak herriko hainbat puntutatik Gaztelugatxera abiatuko den autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu. Honela, hiru helbururi erantzuna emango zaio: garraio publikoa sustatzea, bisitariak Bermeora erakartzea eta hauei Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren lehen eskutik azaltzea. Gainera, erreserbaren bidez, Udalak Gaztelugatxen sartzeko tiketaren kudeaketa burutuko du. Zerbitzu hau abuztuaren 1etik 27ra bitartean martxan egongo da, igande eta jaiegunetan izan ezik.
“Martxan jarriko dugun zerbitzu hau uste dugu oso garrantzitsua izango dela Bermeorentzat eta baita bermeotarrentzat ere. Ekimen honek hiru helburu garbi ditu. Alde batetik, garraio publikoa sustatzea eta ibilgailu partikularrak Gaztelugatxe ingurutik aldentzea. Bestalde, bigarren helburua izango da bisitariak herrira erakartzea. Autoa Itxas-ganeko aparkalekuan utziko duten bisitariek Bermeo bertan izango dute herria ezagutu eta bertan eguna pasatzeko. Noski, baita herrira trenez edo autobusez etorriko diren bisitariak ere ”, hasi da Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumeta.
“Hirugarren helburua izango litzateke Gaztelugatxeren eta bere inguruaren balio natural eta historikoa balioan jartzea eta bisitariei honen berri ematea. Horretarako informazio puntu bat jarriko dugu Itxas-ganeko parkinean, herrian dugun Turismo bulegoaz aparte. Bisita gidatuek ere bermeotarron sinesmen, erritu eta ohiturak azalduko diete bisitariei, gure nortasuna balioan jarriz”, jarraitu du Zumetak.
Autobusak Lamera parkeko geltokitik atera eta Itxas-ganeko parkinetik pasatu ostean, Gaztelugatxerantz abiatuko dira. Irteerak 10:30ean eta 12:30ean izango dira. Bisitaren iraupena, guztira, 2 ordu eta erdikoa izango da. Prezioei dagokienez, helduek 7 euro ordaindu beharko dute, 6 eta 12 urte bitarteko gazteek 2,5 euro eta, 6 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharko. Hori bai, heldu bakoitzarekin, gehienez, 6 urtetik beherako 2 ume sartu ahal izango dira. Sarrerak online bidez erosi ahal izango dira https://entradium.com/es/events/visitas-a-san-juan-de-gaztelugatxe webgunean edo Turismo Bulegoko webgunean.
Bermeoko Udalak, gainera, informazio puntu bat jarriko du Itxas-ganeko aparkalekuan (10:00-13:00) eta, orain arte bezala, Turismo Bulegoan (astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 19:00etara eta, igandetan, 10:00etatik 17:00etara. Telefonoa: 94 617 91 54. Maila: turismoa@bermeo.eus).
010 (94 617 91 00)