Albistea
Bermeoko txistulariak ziren Larrinaga bandaren grabazio zaharrak biltzen dituen Bermeoko Txistulariak, Musikarako Grina CDa argitaratu dute Bermeoko Udalak eta Euskal Herriko Txistulari elkarteak. “Disko horrekin Bermeoko musika, altxor aberasgarria, berreskuratu dugu, eta, aldi berean, gure herriko ondarea sustatzen dugu”, adierazi du Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, bere aurkezpenean.
Izan ere, Astuik, Esti Arrizabalagak, Udalaren Musika Eskolako zuzendariak; eta Iban Ibarretxek, CDaren koordinazio lanak egin dituen Musika Eskolako txistu irakasleak eta “Kankinkabara” txistu taldeko zuzendariak; Bermeoko Txistulariak, Musikarako Grina CDa aurkeztu dute gaur Musika eskolan egindako prentsaurrekoan.
Astuik azaldu duenez, Euskal Herriko Txistulari elkarteak, urtero, txistulari taldeen grabazio zaharrak biltzen ditu, eta CDan argitaratzen ditu. “Aurten, Bermeoko Udalak lagunduta, Bermeoko Txistulariak, Musikarako Grina CDa argitaratu da. Bertan, Bermeoko Larrinaga bandaren grabazioak batzen dira, eta gure herriko musikaren historiaren zati bat islatzen du, gure herriko ondarea zabalduz”, nabarmendu du.
Iban Ibarretxek azaldu duenez, Bermeoko Larrinaga txistu bandak 1926. urtean hasi zuen bere ibilbidea, eta Eusebio Larrinaga aitak eta Juan eta Iñaki bere semeek osatzen zuten taldea hasieran. Beranduago, Polikarpo azken semea ere sartu zen taldean. Atabalean, Tiburcio izan zuten taldekide.
Ibarretxek azaldu zuenez, Larrinaga bandako kideak ez ziren musikari profesionalak, egurrarekin lotutako ogibidea baitzuten, eta txistuak beraiek egiten zituzten. Musikarako grina eta afizioari esker, 40 urte inguru aritu ziren txistua joten; eta txistulari onak izatera heldu ziren, izan ere, 1944tik 1960. urtera arte egindako hainbat lehiaketetan lehen sariak irabazi zituzten.
Bermeoko Udaleko musika bandekin lanean, hainbat lan estreinatu zituztela azaldu du Musika eskolako txistu irakasleak. “José Antonio Erauskinek, Bandako zuzendariak, hainbat obra idatzi eta konpondu zien, eta, horrela, 1965eko Bermeoko festetako kalejiran “Mendirik mendi” eta “Arranbillote” biribilketak estreinatu zituzten udal musika bandarekin batera”, gaineratu du.
Larrinaga bandak hainbat binilo disko grabatu zituen. “Gaur aurkezten dugun Bermeoko Txistulariak, Musikarako Grina diskoa bi CDz osatua dago, eta horietan 1961. urtean eta 1964.urtean grabatutako biniloetako kantak biltzen dira”, adierazi du Esti Arrizabalagak.
Bere esanetan, CD horren bidez, “gure herriko musikaren eta kulturaren zati bat ezagutzeko aukera izango dugu herritar guztiok”. Horrela, disko hori hurrengo asteetan salgai egongo dela adierazi du.
010 (94 617 91 00)