Albisteak

Albistea

URAk eta Bermeoko Udalak San Martin errekatxoaren zati baten ingurua berreskuratu dute

Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziaren (URA) ubideen mantentze zerbitzuak, Bermeoko Udalaren eta lurren zati baten  jabea den Pevasa enpresaren laguntzarekin, Bermeoko San Martin errekatxoaren 100 metro inguruko zatiaren ingurumena berreskuratzeko lanak hasi zituen joan den otsailean. San Martin auzotik Landabasoko industrigunera daraman zubi berriraino doan zatia da berreskuratzen hasi direna.

Bermeoko Udalaren Ingurumen Sailak azaldu duenez, zati honetan errekaren egoera ez zen ona ingurumen ikuspuntu batetik. Izan ere, bere esanetan, ”ubidearen zati batean erabiltzen ez den lursail industrial bat zegoen, obra-hondakinekin eta banburen moduko espezie inbaditzaileekin eta, beste aldean, bertan behera utzitako ortu bat dena zaborrez eta hondakinez betea”.

Gogorarazi duen moduan, 2011. urtean, Urak, Bermeoko Udalaren laguntzarekin, antzeko proiektu bat martxan jarri zuen “orain berreskuratzen ari den erreka honen  zatiaren goiko aldean 400 metro inguru berreskuratuz eta ibaian igarobide txikitxo bat sortuz”.  “Emaitza oso ona izan zen”, gaineratu du. 

Pevasa enpresak industria gune hori erosi zuenean bulegoentzako bere egoitza berria eraikitzeko, ingurua ahalik eta gehien errespetatzearen aldeko apustua egin zuenez, erakunde guztiek adostu zuten zati berri honen berreskuratze lanak hastea, 2011n erreka hau berreskuratzeko hasi zen proiektuari jarraipena emanez. 

Bermeoko Udalak azaldu duenez, bulegoak eraiki eta gero, lehenengo lana errekaren ertzetan sasi-garbitze selektiboa egitea izan zen, bertako landaretza kontu handiz errespetatuta eta zeuden banbu eta kainabera espezie inbaditzaileak kenduta. 

“Era berean, uraren jario normala galarazten zuten enbor eta oztopoak kentzeko ere aprobetxatu zen eta zeuden zuhaitzak berreskuratzeko mozketa bat ere egin zen. Jarraian, gune guztitik hondakinak kendu ziren, guztia garbituz, ubidea eta bertan behera utzitako txabolaren inguruak bereziki”, gaineratu du. 

Ildo honetan, azaldu duenez, hurrengo urratsa erreka-ertzean, herri-jabari barruan, zuhaitzak landatzea izan zen, ibai-ertzetako bertoko zuhaitz sendoak sarturik: haltzak, hurritzak, lizarrak, sahatsak, etab. Guztira, 65 zuhaitz landatu dira eta guztiak izan dira babestuak tutoretza bitartez, euren lekutasuna aurkitzeko eta hazkuntza errazteko. 

Bermeoko Udalak azpimarratu duenez, proiektu honekin, ingurumenean balio handia duen gunea berreskuratu nahi izan da, izan ere, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba barruan egoteaz  gain, Urdaibaiko erreka sarea oraintsu izendatu du Europar Batasunak KBG moduan, hau da, Kontserbazio Bereziko Gunea.

 

 

 

23 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0