Albisteak

Albistea

Bermeo International Urban Downhill zapatuan, urriaren 8an, izango da

 

Urriaren 8an, zapatuan, Bermeo International Urban Downhill nazioarteko froga  hartuko du Bermeok. Horretan zazpi herrialde ezberdinetako 80 rider inguruk parte hartuko dute, euren artean mundu mailan onenetarikoak, besteak beste, Bernardo Cruz brasildarra. Kirol ikuskizun honetako salto bukaezinekin, airean egindako itzulipurdiekin eta jauzi ezin hobeekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek eta bisitariek zapatuan Bermeon. 

Horrela adierazi dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Kirol eta Turismo zinegotziak,  Bego Gangoitik, Turismo teknikariak, eta Itxaro Zabalak, Bermeoko Udal Kirol Patronatuko zuzendariak. Ormaetxeak adierazi duenez, froga hau Bermeon egitea “oso garrantzitsua” da, izan ere, “nazioarteko kirol ekimen bat da eta horrek bisitari asko erakarriko ditu gure herrira, horrek duen eragin ekonomikoarekin”. 

“Gainera kontuan izan behar da Alde Zaharra biziberritzeko ere beste pausu bat dela, neurri handi batean Bermeo International Urban Downhill Alde Zaharrean garatzen den froga bat delako”, gaineratu du. Azaldu duenez, Alde Zaharrean “era ezberdinetako ekimen berritzaileak martxan jartzen saiatzen ari gara, besteak beste,  lora lehiaketa, food truck ekimena eta oraingo honetan Bermeo International Urban Downhill”. Hortaz, gure ustez, “oso ona da Bermeoko Alde Zaharrarentzat nazioarte mailako ekimen hau egitea”. 

Bermeo International Urban Downhill frogari dagokionez, Zabalak azaldu dutenez, ibilbideak kilometro bateko distantzia izango du eta zailtasun ezberdineko hamar salto inguruk osatuko dute. “Irteera sei metroko altueratik egingo da, beraz, zorabiagarria izango da dudarik gabe. Gainera, ibilbidean era guztietako elementuen gainetik hegaz egingo da: kotxeak, eskailerak, harriak, edukiontziak…”. 

Era berean, Gangoitik Bermeo International Urban Downhill ekimenean modalitate honetako kirolari nagusiak egongo direla azaldu du Errusiatik, Alemaniatik, Brasiletik, Euskal Herritik… Horrela, besteak beste, Bernardo Cruz brasildarra, Ivan Kunaev errusiarra eta Iraitz Etxebarria, Daniel Olarra eta Iván Blanco euskaldunak egongo dira. 

“Txirrindu lasterketa bat baino askoz gehiago da, industri oso bat da eta bere balore nagusiak adrenalina, abentura eta gainditzea dira”, esan dute.

Horrez gain, sektoreko marka ezagunak egongo direla eta errealitate birtualeko erakusketa teknologikoa egingo dela esan dute. Umeak ere euren tokia izango dute Bermeo International Urban Downhill-en eurentzat ginkana bat egingo baita Lameran. 

Programa 

Programari dagokionez, urriaren 7an, barikuan, lasterketaren briefing teknikoa egingo da. Urriaren 8an, zapatuan, 12:00etan entrenamendu ofizialak izango dira, 16:00etan finalerdiak izango dira, 19:00 finalak eta 20:30ean sari banaketa. 22:00etan Bermeo International Urban Downhill ekimenari amaiera emango zaio DJ festarekin. 

Froga honen ibilbidea honakoa izango da: Burujabetasun zelaia, Itsasoen Galdutakoen Lamera, Txirritxa bidea, Benito Barrueta, Tonpoi bidea, Doniene, Etxebarria tar Kresentzi, Artza kalea eta Lope Diaz de Haro. Kale hauetan froga garatzeko ordu batzuetan trafiko aldaketak eta murrizketak egongo dira. Horregatik, seinaleak errespetatu beharko dira ibilbide guztian segurtasuna mantentzeko.   

Azkenez, Ormaetxearen esanetan, kirolarekin eta festarekin gozatzeko aukera izango dugu  Bermeon eta horregatik pertsona guztiak gonbidatu ditu urriaren 8an, zapatuan, Bermeora Bermeo International Urban Downhill ekimenarekin disfrutatzera. 

05 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0